LOREA OJANGUREN eta JOSEFINA PEREDA: “Guretzat luxua da Easo-rekin abestea”

LOREA OJANGUREN eta JOSEFINA PEREDA: “Guretzat luxua da Easo-rekin abestea”
2012/06/01 eta kitto!

-Tangoak dioen bezala, “20 urte ez dira ezer”?
Asko dira! Gauza asko pasa ditugu urte hauetan, esperientzia asko eta, orain, zuzendari gaztea daukagu, baina kide gazteak ere behar ditugu. Oso zaila da kide berriak sartzea, baina saiatzen ari gara. Borondate-indarra eta denbora librea eduki behar duzu, obligazioa delako. Eta, noski, abestea gustatu behar zaizu. Badago abestea gustoko duen jendea, baina lagun artean edo modu lasaian. Abesbatzan aritzea ezberdina da, hainbat gauza ikasi behar direlako eta abar; beste kontu bat da.
-Nola gogoratzen dituzue abesbatzan emandako urte hauek?
Abestea gustoko genuen emakumeak ginen eta horregatik sortu genuen taldea. Ez genuen parrokiako abesbatza izan nahi, baizik eta ekintzetan parte hartzen duena, kanpora irtetzen dena, eta abar. Oroitzapenak zoragarriak dira.
-Kanpora irtetzearen asmoa bete duzue, Frantzia, Eskozia, AEB… bezalako herrialdeetan egon baitzarete.
Urtero bidai bat egiteko konpromezua hartu genuen. Abesteko asmoarekin bidaiatu dugu beti, ez bidaiatzeagaitik bakarrik. Beti konpromezu bat lotzen genuen herrialde hartako batekin. Helburu bezala hartzen genuen kontu hori, entseguetara zoazenean interesik ez baduzu, ez zoaz hainbeste gogorekin edo gehiago egiten duzu huts. Aurten, ordea, ez dugu bidaia egingo, gure 20. urteurrenarengatik Easo abesbatzarekin Eibarren emanaldia eskaintzea pentsatu genuelako. Luxua da guretzat.
-Atzerrira egindako bidaien artean, zein izan da bereziena?
New Yorkekoa. Patrizio deunaren katedralean abestea zoragarria izan zen. Apaizak gazteleraz aurkeztu ginduen eta amaieran, Aita Gurea abestera gindoazenean, euskaraz egingo genuela aipatu zuen eta kantua amaitzean denak zutik ikustea izugarria izan zen. Kontzertu onagoak egin ahal izan ditugu, baina hangoa berezia izan zen.
-Ahots zurien abesbatza zarete. Zeintzuk dira horren ezaugarriak?
Emakumeak garela. Ahots zurien barruan umeak ere egon daitezke, baina nagusien ahots zurien barruan emakumeak sartzen dira.
-2007an diskoa grabatu zenuten. Nolakoa izan zen horren gauzatzea?
Oso neketsua! (barreak). Hainbat grabaketa eginda genituen, baina beti pentsatzen genuen disko bat sortzea. 15 urte bete genituenean, diskoa grabatzeko aukera sortu zitzaigun eta animatu ginen.
-20. urteurrenarekin disko berria egitea pentsatzen duzue?
Ez! Mendurrena egiten dugunean grabatuko dugu (barreak). Lan handia eskatzen du, entsegu asko, dena oso jarraian eta, gainera, taldean gutxi gara eta baten batek ezin badu grabaketara joan, zaila da. Diskoa eginda dagoenean zerbait polita dela ikusten duzu, baina lan handia du atzetik.
-Lorea Ojanguren da orain zuzendaria, baina aurretik beste batzuk izan dituzue. Alde handia dago batetik bestera?
Bai, bakoitzak bere estiloa auka. Alde izugarria dago zuzendari batetik bestera. Bakoitzak taldea eramateko bere era dauka, bere maniak eta gustuak… Eta kideentzat zaila da ohitu zaren zerbait aldatzea.
-Lorea, nola daramazu, koroa zuzentzea?
Lorea: Ondo. Abesbatza ondo badoa, ni pozik.
Josefina: Lasaitasun handia ematen digu Lorea zuzendaria izateak, beti jakin izan baititu abestietako hiru ahotsak.
-Datorren asteko barixakuan Easo abesbatzarekin kontzertua eskainiko duzue. Nolakoa izango da?
Zoragarria! Lehenengo zatian gu arituko gara, gero eurak, eta amaitzeko batera abestuko dugu. Demaseko ilusioa egiten digu eurekin abesteak, horrek dakarren ospearekin.