Maddi Escudero (hockey jokalaria): “Realarekin entrenatzera astean bitan joaten naiz Donostiara”

Maddi Escudero  (hockey jokalaria): “Realarekin entrenatzera astean bitan joaten naiz Donostiara”
2020/01/13 eta kitto!
Maddi Escudero eibartarra Real Sociedadeko belar hockeyko emakumeen taldeko jokalaria da. 15 urte ditu eta Eibarko institutuan ikasten dihardu DBHko 4. mailan. Astean bi aldiz joaten da Donostiara bere taldearekin entrenatzera. Hockeya nahiko kirol ezezaguna da Eibarren, baina gertutik ezagutzea merezi duela dio Maddik.

- Nola hasi zen zure harremana hockeyarekin?

Ikastolan ezagutu nuen hockeya, eta pila bat gustatu zitzaidan. Olinpiadak egiten genituenean beti apuntatzen nintzen. Etxean komentatu nuen eta nire ama harremanetan jarri zen txuri-urdinekin. Berehala deitu zidan Nerea Unzetabarrenetxeak. Nerea Realeko jokalari ohia da, eta gaur egun nesken taldeko arduraduna. Bere gurasoak eibartarrak dira eta oso ondo portatu da nirekin. Sticka edo makila oparitu zidan eta beti izan ditu oso detaile politak. Urtebete daramat kadeteen taldean, aurrelari moduan jokatzen dut eta hurrengo denboraldian jubenilen taldera pasatuko naiz. Instalazioak Bera Beran daude eta oso gustora nago taldekideekin. Denak dira Donostialdekoak.

- Gogorra egiten da astean bi aldiz Donostira joatea entrenatzera?
Gustora joaten naizenez, ez zait gogorra egiten. Astero bi aldiz entrenatzen dugu, eta noizbehinka partiduak izaten ditugu. Euskal Herriko Ligan 4 taldek jokatzen dugu, hiru Donostiakoak (Lizeo, Ekintza eta Reala) eta Getxoko Jolaseta. Txapelketan bigarrenak gara. Aurreko denboraldian Gijonen jokatu zen Espainiako Txapelketan egon ginen, eta aurten Santanderren egon gara. Espainia mailan talde onenak Kalatunia ingurukoak dira, eta mundu mailan Holanda eta Argentina dira erreferenteak.

- Emakumezkoen hockeyak momentu onak bizi dituela esan daiteke?
Iaz, ni sartu nintzenean, urrezko danborra eman zieten Realeko foballeko eta hockeyko nesken lehen taldeei. Hockeyko taldea Europako txapeldunordea izan zen. Garai onak dira, beraz, Donostiako emakumezkoen kirolentzako. Hockeyak tradizio handia du Donostian, baina Eibarren eta inguru honetan kirol ezezaguna da. Dena dela, gogoratu behar dugu Almudena Urizar eibartarra Atletico de Madrid eta Realeko atezaina izan zela eta 1981ko Argentinako mundialean egon zela.

- Zaila da hockeya?
Hasieran pixka bat kostatzen da, stickerrarekin ohitu arte. Ikastolan izotz gainean erabiltzen den stickerra erabiltzen genuen. Guk belar gainean jolasten dugu eta erabiltzen dugun makila izotzetakoa baino motzagoa da. Punta txikiagoa dauka eta alde batetik bakarrik jo daiteke. Zailagoa da, baina ohitu egiten zara. Eguraldi txarra egiten duenean aretoan jokatzen dugu.

- Zer ezaugarri behar dira praktikatzeko?
Teknikaz gain, prestakuntza fisikoa oso garrantzitsua da. Azkarra izan behar duzu. Paseak oso azkarrak izaten dira. Abiadura da belar hockeyko jokalariek lurra irabazteko eta gol aukera erasokorrak errazten laguntzeko erabiltzen duten armetako bat. Oso kirol polita da eta haurrak eta gazteak ezagutzera animatu nahiko nituzke.

- Beste kirolak gustatzen zaizkizu?
Beti izan naiz oso futbozalea, baina jokatzea baino gehiago ikustea gustatzen zait. Eibarko partiduetara ahal dudan guztietan joatean naiz eta pila bat gozatzen dut zaletu moduan.