Maider Cenitagoya: “Norbaitekin enpatia izateko ez dago ahalegin handirik egin beharrik”

Maider Cenitagoya: “Norbaitekin enpatia izateko ez dago ahalegin handirik egin beharrik”
2023/01/30 eta kitto!
“El término empatía y su aplicación en la consideración hacia los animales no humanos” liburua aurkeztuko du Maider Cenitagoya filosofo eibartarrak otsailaren 5ean. Ekitaldia Portalea kultur etxeko areto nagusian izango da, 18:00etan.
Filosofian aditua da Maider Cenitagoya eibartar gaztea. UPV/EHUn graduatu ondoren, Filosofia Teoriko eta Praktikoan masterra egin zuen UNEDen. Enpatiari buruzko ikerketa egin du eta gai horrekin lotutako hainbat gogoeta aurkituko ditugu bere liburuan. Zer da enpatia?, Enpatiaz orokorrean hitz egiten dugunean, zergatik hitz egiten dugu gehienetan enpatia faltaz?, Enpatikoak izan gaitezke mundu guztiarekin?, Zergatik gara batzuetan enpatikoak, eta beste batzuetan ez?

Zure liburuan enpatiaz hitz egiten duzu, azken urteetan danon ahotan dagoen terminoaz.
Enpatiaz baino gehiago, gaur egun batez ere enpatia faltaz hitz egiten da. Liburuaren lehen zatian enpatiaz hitz egiten dut, eta terminoari buruz izan zen lehen informazioaz, sinpatiatik bereizten denaz. Aurretik, jakina, enpatizatu egiten zen, baina ez zegoen izenik. Lan honen helburu nagusia enpatia gehiago izateko beharraz hitz egitea da, hau da, gure inguruko izakien lekuan jartzeko gai izatearen beharraz.

Gizakiekiko enpatiaz hitz egiten duzu, baina baita gizaki ez diren animaliekikoaz ere...
Liburuan, gizakiak ez diren animaliekiko enpatia izateko aukerak biltzen saiatzen naiz, eta gure ekintza enpatikoen bidez noraino hel gaitezkeen aztertzen dut. Pertsonekin enpatikoak izan gaitezke, eta frogatuta dago izan gaitezkeela (zailtasunen bat ez badugu behintzat). Eta argudiatzen dut beste zein animaliarekin enpatizatu dezakegun. Beraz, gizakiak ez diren animaliekiko enpatia zabaltzeko aukerei buruz hitz egiten dut, hori baita nire intereseko gaia.

Zertan datza animaliekiko enpatia? Nola enpatizatu dezakegu egunerokoan gizakiak ez diren animaliekin?
Zailtasun asko daude, ez baita gauza bera enpatia izatea txori batekin edo bizi zaren txakur batekin. Askotan, nahikoa da animalia horiek gure praktika batzuengatik sufritzen ari direla ulertzea, eta animalia horiekiko dugun portaera aldatzen saiatzea. Haiek guk dugun gaitasun hori ez dutenez, gutxienez haien lekuan jartzea eta gertatzen zaiena bidezkoa den baloratzea. Guk kalte egiten diena eta eragiten diena aldatzeko aukera dugunez, euren egoera hobetzen saiatu behar dugu. Baina liburuan ez dut esaten, ezta gutxiago ere, beganoak edo barazkijaleak izan behar dugunik. Ez ditut gai horiek ukitu, gai delikatua iruditzen zaidalako, oso ondo aztertu, landu eta ikertu beharrekoa. Nirea gogoeta besterik ez da. Bakoitzak baloratu ditzala bere ekintzak eta, gero, ikusiko du aldatu nahi dituen ala ez. Ez da inolako inposaketa, inondik ere.

Liburuan argi eta garbi esaten duzu denok dugula enpatikoak izateko gaitasuna.
Enpatizatzeko gaitasuna denok daukagu eta liburuan hori azaltzen saiatzen naiz. Ez badugu egiten, ez badugu enpatizatzen, interesatzen ez zaigulako edo nahi ez dugulako da. Baina enpatizatu denok egin dezakegu, eta ez da zaila. Batzuetan oharkabean enpatizatzen dugu: telebistan zerbait txarra gertatu zaion norbait ikustean enpatizatzen ari gara. Gizakiak enpatikoa izateko joera du; beste gauza bat da enpatikoa izan nahi duen ala ez. Jasotako heziketarekin ere zerikusi handia dauka enpatiak, eta gai horri buruz ere hitz egiten dut. Zein hezkuntza mota jasotzen duzun, enpatia gehiago edo gutxiago izango duzu. Batzuk sentsibilitate handiagoa dute, gauzek gehiago eragiten diete, eta beste batzuk hotzagoak dira. Baina gaitasuna denok daukagu, buru-nahaste edo arazo neuronalen bat duten pertsonek izan ezik. Era berean, enpatiak laguntzearekin zerikusia dauka. Zerbait bidegabea dela iruditzen bazait, bigarren urratsa egoera horren aurka egitea izango da. Egunerokoaz ari naiz, zailtasunik gabe egin dezakegunaz. Liburuan, hasieran, pertsonen inguruan dihardut, eta, gero, gehiago sakontzen dut gizakiak ez diren animalietan.

Zerk bultzatu zaitu gai hori aukeratzera?
Filosofian graduatu eta gero, Filosofia Teoriko eta Praktikoan masterra egin nuen, eta etika moralaren esparruaren baitan giza harremanak nola lantzen ziren ikusi nuen . Giza portaerei buruz hitz egiten duten Kant edo Nietzsche bezalako filosofoek liluratzen naute. Beti interesatu zaizkit era guztietako gizarte-harremanak, eta horregatik, hain zuzen, bitxia iruditu zait lan hau gizartean enpatia erabiltzearen bidetik gidatzea, uste baitut gure harreman enpatikoen bidez giza harreman asko azal daitezkeela. Enpatiaren gaia burura etorri zitzaidan, gaur egun asko erabiltzen den terminoa delako, baina, batez ere, haren faltagatik. Hitz horrek gauza asko biltzen ditu, besteak beste, "utzi pixka bat zure pentsamenduak eta zure egoera eta jarri beste pertsonen egoeran, utzi zugan pentsatzeari". Lan honetan saiatzen naiz jakiten zergatik enpatizatu behar dugun gehiago izaki bizidun guztiekin eta zer onura atera ditzakegun ekintza horietatik. Eta zergatik enpatizatzen dugun batzuekin eta beste batzuekin ez. Norbaitekin enpatia izateko ez dago ahalegin handirik egin beharrik. Askotan, norbait entzutearekin enpatizatzen ari gara. Une batez norbaiti ulertzea da kontua, eta ahal duzun moduan laguntzen saiatzea. Eta gaur egun horren falta dago, jendeak ez baitu entzuteko, laguntzeko joerarik. Denbora gutxirekin bizi gara, eta gauza horiek galdu egiten dira.

Gero eta berekoiagoak gara?
Berekoikeria hitzak oso konnotazio negatiboak ditu, baina nik ez dut horrela ikusten. Gure buruari eta gure interesei begiratu behar diegula uste dut, baina geure baitan itxi gabe. Azkenean, nork bere burua zainduz eta nahi dugun bezala bizi behar dugu. Hori bai, ez dut ondo ikusten guztiz berekoia izatea, baldin eta gizartean bizi nahi badugu. Gai hori asko interesatzen zait. Izan ere, filosofiaren munduan dilema bat dago, gizakia berez berekoia ote den. Mutur bat bezala ikusten da, baina nik ez dut horrela ikusten, ez dut gauza txar gisa ikusten.

Hezkuntzaren gaia ere ikutzen duzu...
Gai hori ere asko interesatzen zait. Hezkuntza tradizionalarekin jarraitzen dugu, gizartea aurrera egiten ari den arren. Orain, hezkuntzaren lege berriarekin, enpatiaren gaia ikasgairen batean sartu dute, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Maider Cenitagoya liburua