Malen Illarramendi, GazteON-eko koordinatzailea: “Jendearen artean zeresana pizten duten gaiak landuko ditugu”

Malen Illarramendi, GazteON-eko koordinatzailea: “Jendearen artean zeresana pizten duten gaiak landuko ditugu”
2019/10/07 eta kitto!
...eta kitto! aldizkariaren GazteON atalak aro berria hasi zuen joan den astean. Azken urtean zehar YouTuben bideoak publikatu ondoren podcasten aldeko apostua egingo du hemendik aurrera eta ivoox eta Spotifyn entzuteko aukera egongo da. Genero indarkeriari buruzko mahai-inguru batekin eman zitzaion hasiera eta Malen Illarramendik proiektu berriaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

 

- Zer da podcast bat?

Ingelesezko berba bat da, iPod (Apple enpresaren gailua) eta broadcast (soinu eta bideo seinaleen distribuzioa) terminoen batura. Gure kasuan eztabaida edo mahai-inguru bat audioan grabatuko dugu, plataforma digital batera igo eta zabalkundea egiteko.

- Urtebete darama GazteON proiektuak, baina podcastarekin aro berri bat hasi du. Zergatik podcasten aldeko apustu hau?

Jendeak YouTuben ikusten zituen, baina YouTubek atentzio gehiago eskatzen du, irudi bat ikusi behar delako. Gainera, bideoak mugikorrean ikusteko mega asko behar direnez, wifia dagoen toki batean egotea komeni da. Bestetik, baliteke pantaila txiki batean bideoa gustora ez ikustea eta telebista behar izatea erosoago ikusteko. Ondorioz, jendearen aldetik esfortzu handiagoa eskatzen du YouTuben bideo bat ikusteak podcasta entzuteak baino. Audioak, azken finean, kotxean entzun ditzakezu, aurikularrak jantzita kalean ibiltzean... ez zara ezer ikusten egon behar. Irudiak kendu eta audioari garrantzia handiagoa eman nahi izan diogu, proba bezala.

- Aurreko astean argitaratu zen lehenengo podcasta. Nolako erantzuna izan du?

Inguruko jendearengandik erantzun positiboa jaso dut. 40 minutu irauten du, luzeegia agian, eta hurrengoan laburragoa egiten saiatuko gara. Zaila da pertsona bat 40 minututan zerbait egiten egotea. Hala ere, jendeak ondo hartu duela uste dut. Gainera, podcasta Spotifyn dago eskuragai eta jendearentzat erosoa da gaur egun edonork erabiltzen duelako Spotify.

- Genero indarkeriari buruz egin zenuten berba. Nola moldatu zinen mahai-ingurua gidatzen?

Grabaketak ordubete eta hamar minutu iraun zuen eta 40 minutura moztu genuen. Genero indarkeria gaiaren barruan zazpi alor landu genituen eta hurrengo podcastean hiru edo lau jorratuko ditugu, gehiegi ez luzatzeko. Genero indarkeriarena gai sakona da eta hizlariek oso gauza interesgarriak esan zituzten, beraz, zaila zen zeozer kentzea.

- Aurrerantzean ere horrelako gai sakonak landuko dituzue?

Denetariko gaiak landuko ditugu. Hurrengo podcastean, adibidez, inteligentzia artifizialari buruz egingo dugu berba. Siri, Alexa, Google Assistant eta hauek erakusten digute gero eta gizarte robotizatuago batean gaudela, eta etorkizunean robotak egongo badira, zertarako egongo gara gu? Genero indarkeriarena gai sakon eta delikatua zen, eta aurrerantzean delikatuak ez dakit, baina gai sakonak bai landuko ditugu. Jendearen artean zeresana pizten duten gaiak.

- YouTuben bideoak, ...eta kitto!-n idatziz, podcasta... Arlo guztietan eroso sentitzen zara?

Gehien gustatzen zaidana idaztea da, baina eroso sentitu nintzen podcasteko mahai-ingurua bideratzen eta gustora egiten ditut bideoak ere.

- Etorkizunean ‘kazetari multimediak’ beharko zirela zioten adituek. Etorkizuna iritsi da?

Bai. Kamera aurrean eta atzean egoten, idazten, bideoak editatzen... ikasi behar duzu. Hau da, kazetaritza munduko alor guztiak lantzen jakin behar duzu pixka bat.