Malen, Eider, Nerea, Miren eta Nagore: “Esperientzia berri bat bizi nahi dugu udalekuetan”

Malen, Eider, Nerea, Miren eta Nagore: “Esperientzia berri bat bizi nahi dugu udalekuetan”
2018/06/01 eta kitto!
Ikastaroa amaitu berri dute 16-17 urteko neska hauek eta udako oporrei begira daude. Aurtengoak, hala ere, opor bereziak izango dira eurentzat, Arrasate eta Larrabetzun Saharako umeentzako antolatu diren udalekuetan begirale moduan ibiliko dira Oporrak Bakean programaren barruan. Lehen aldia izango da eurentzat eta gogotsu daude Saharako umeak ezagutzeko. Ekintza eta emozio handiko uda dute aurretik.

 

- Saharako umeentzat antolatu diren udalekuetan begirale izango zarete. Nola sortu zen bertara joateko aukera?

Lau hilabeteko oporrak dauzkagu udan eta zerbait egiteko gogoa genuen. Monitore edo begirale moduan ibiltzea zen gure asmoa eta Astixara jo genuen Afariketetan begirale moduan lan egiteko, baina kontua da 18 urte baino gehiago izan behar ditugula horretarako. Beraz, Eibar-Sahara elkarteko Edurne Uzkudunen telefonoa eman ziguten. Gure asmoen berri eman eta zer egin genezakeen galdetu genion, eta horrela sortu zen elkarlana.

- Zer da udalekuetan egingo duzuena?

Oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zein izango den gure lana, baina begirale lanak egingo ditugu. Saharako umeak etorriko dira udalekuetara eta eurekin egon, zaindu, jolastu eta abar egingo dugu.

- Zuek guztiok batera zoazte edo bakoitza toki batera joango da? Noiztik nora?

Batzuk Larrabetzu eta Arrasaten egongo gara, bietan, baina beste batzuk batean edo bestean. Uztailean egingo dira udalekuak eta, egongo garen tokiaren arabera astebete, aste bi edo hiru egongo gara.

- Zergatik eduki duzue horrelako ekimen batean parte hartzeko gogoa?

Esperientzia berri bat bizitzearren.

- Aurretik ibili zarete begirale moduan?

Ez, baina gazteagoak ginenean bai joan gara udalekuetara. Iaz, adibidez, udaleku batzuetan egon ginen.

- Zer espero duzue jasotzea edo ikastea esperientzia honetatik?

Saharara boluntario moduan joatea garestia da eta, dirurik ez daukagunez, hemen antzeko esperientzia bizitzeko aukera emango digu honek.

- Prestakuntza jasoko duzue begirale moduan lanean hasi aurretik?

Printzipioz ez, baina bertan egongo da zer egin esango digun jendea. Hori ondo dago, edozein zalantza galdetu ahal diegulako. Gainera, umeek ez dakite gure hizkuntza eta guk euren ere ez, beraz, Saharako emakume batzuk egongo dira umeekin komunikatzen laguntzeko.

- Oraindik zehaztu ez badizuete ere, nolako ekintzak egitea aurreikusten duzue?

Eguraldiaren arabera ekintza bat edo beste egin erabakitzea gure esku dago. Etxean jokoak baditugu, bertara eramateko esan digute.

- Zenbat ume egongo dira zuen begiradapean?

Arrasaten hamar egongo dira eta Larrabetzun hogeita hamar.

- Zuetaz aparte, begirale gehiago egongo dira udalekuetan?

Bai. Whatsapp taldea egin dugu bertara goazenekin eta laster bilera egingo dugu.