MARI DOMINGI eta OLENTZERO: “Eibartarrak nahiko zintzoak izan zarete”

MARI DOMINGI eta OLENTZERO: “Eibartarrak nahiko zintzoak izan zarete”
2022/12/23 eta kitto!
Bihar gauean bisita berezia jasoko dugu etxean. Urtero bezala, Mari Domingi eta Olentzero opariak banatzen ibiliko dira eta goizean, esnatzen garenean, korrika batean joango gara bikoteak laga diguna zabaltzera. Lasai, gutxi falta da eta!

Urtebetez elkar ikusi barik egon ondoren, Mari Domingi eta Olentzero herriko eskoletan egon dira aste honetan zehar. Umeek ilusio handiz hartu du bikotearen bisita eta euren desiren berri eman diete. Biharkoa egun luzea izango da Mari Domingi eta Olentzerorentzat, baina irrikitan daude eibartarrak zorionez betetzeko. Goizean, adibidez, kalejira hasiko dute Urkizutik 11:30ean eta ibilbide hau egingo dute: Arragueta-Coliseo, Errebal-AnbulatorioaToribio Etxebarria-Untzaga. Gainera, Juan Bautista Gisasola musika eskolako ikasleen, Adolfo Jainagaren ikasleen, Eibarko Kantuzaleen eta Kaleetan Kantuz taldekoen laguntza jasoko dute bidean. Gero, 12:30ean, Mari Domingi eta Olentzero udaletxean egongo dira umeekin eta azken eskutitzak jasoko dituzte.

 

ETA KITTO: Mari Domingi eta Olentzero, aspaldiko! Zer moduz ibili zarete urtean zehar?

OLENTZERO: Oso ondo, betiko moduan! Zuek, jende normalak, uda inguruan edukitzen dituzue oporrak eta guk urtarrila-otsaila inguruan, baina gero berriz jartzen gara lanean buru-belarri.

MARI DOMINGI: Eta orain dator guretzat lan asko egiteko sasoia!

EK: Herriko eskoletan egoteko aukera izan duzue. Nolako harrera jaso duzue?

OLENTZERO: Oso oso ona!

MARI DOMINGI: Gainera, ume batzuek ez gintuzten ezagutzen eta oso berezia izan da!

OLENTZERO: Txikienentzat lehen aldia izan da gurekin eta azaldu diegu euren etxeetan agertzen diren opariak guk eramaten ditugula.

MARI DOMINGI: Hasieran nahiko urduri zeuden, baina gero hurbildu egin dira eta besarkatu egin gaituzte.

EK: Orain zapatutik domekarako gauean zer ekarriko diezuen zain egongo dira.

OLENTZERO: Bai. Ondo azaldu diegu lotan egon beharko direla, ze bestela agian beldurtu egingo gara eta ez gara etxean sartuko. Beraz, goiz joan lotara eta goiz altxatu.

MARI DOMINGI: Gainera, umeei esan diegu polboroiak gustatzen zaizkigula eta, esne pixka bat lagatzen badigute, hobeto. Ah, eta katilu bat ur Pantxika astoarentzat, lan asko egiten duelako.

EK: Gau luzea izaten da zuentzat, lan handia egiten duzue, baina etxe guztietara heltzen zarete, ezta?

MARI DOMINGI: Bai, noski! Inor ez dadila estutu horregatik.

EK: Nola portatu gara eibartarrok urtean zehar?

OLENTZERO: Nahiko zintzoak izan zarete, nahiz eta ezagutzen ditudan batzuk ez diren batere zintzoak izan. Baina tira, ez dut hemen euren izena esango.

MARI DOMINGI: Beste batzuek lan asko egin dute urte osoan.

OLENTZERO: Ume batzuek abesten, dantzatzen eta mila gauza egiten ikasi dute. Askok idazteko orduan letra hobetu egin dutela esan digute.

EK: Hori garrantzitsua da zuei bidalitako eskutitzak ondo ulertzeko!

OLENTZERO: Lasai egon daitezela, letra guztiak ulertzeko gai gara eta.

EK: Eskutitz asko jaso dituzue dagoeneko?

OLENTZERO: Buzoia kartaz beterik dugu. Galtzagorriek lagundu egiten digute, baina eskutitz guztiak irakurtzea gustatzen zaigu, Galtzagorriak nahiko bihurriak direlako.

EK: Izan ere, umeentzat dena ez da eskatzea bakarrik, ziur eskutitzetan zuentzako hitz politak ere jartzen dituztela, ezta?

MARI DOMINGI: Baaai! Eta batzuek marrazkiak ere egiten dizkigute.

OLENTZERO: Ume batzuek gurasoentzako, anai-arrebentzako edo beste familiarrentzako gauzak eskatzen dituzte, edo euren gelakideentzat!

MARI DOMINGI: Batzuek esan digute errotulagailuak eskatu dituztela gelakideentzat.

EK: Oraindik badute eskutitzak idazteko denbora, bihar kalejiran ibiliko baitzarete. Gogoz kalera irteteko?

OLENTZERO: Bai! Guk biok irtengo gara, Pantxikarekin, baina ikusiko duzue pixka bat modernizatu egin garela. Adi egon behar zarete eta prest, goxokiak inoiz baino gogo gehiagorekin banatuko baititugu. Bi urte egon gara kalejira egin barik eta praktikatzeko aprobetxatu dugu denbora hau.

EK: Bi urte eta gero, gogotsu egongo zarete herritarrak ikusteko, ezta?

OLENTZERO: Bai, eta gerria mugitzeko ere.

MARI DOMINGI: Umeekin egoteko gogo handia dugu!