Markel Artetxe (foballaria): "Zu baino nagusiagoekin jokatzea aberasgarria da beti”

Markel Artetxe (foballaria): "Zu baino nagusiagoekin jokatzea aberasgarria da beti”
2016/07/15 eta kitto!
Oscar Artetxe instituzioa izan da Eibar Foball Taldean: zeozergatik jokatu zuen 11 denboralditan eta taldeko kapitaina izan zen. Haren iloba dugu Markel, azken denboraldia behetik etorrita Eibar Urko jubenil mailako lehen taldean amaitu duena. Irailetik aurrera Euskadiko Kopa irabazi berri duen talde berean jokatuko du. Hala ere, ez ditu ikasketak baztertuko, “astean lau entrenamendurekin, denbora asko eskatzen badu ere”. Foballari profesionala izatea du amets eta hori betetzeko bideari eusten dio.

 

- Zelako esperientzia bizi izan zenuen Euskadiko Kopa irabazita?
Oso polita izan zen guztia. Behin denboraldia hasita nagusiagoen taldera igotzen dizutenean ilusio berezia egiten dizu eta, zer esanik ez, eurekin Euskadiko Kopa irabazterakoan. Gainera, partidu osoa jokatu nuen, hemen Eibarren izan zen... ez ahazteko modukoa izan zen dena.

- Zein postutan jokatzen duzu? Edo aldatzen zoaz?
Atzelaria naiz, eta zentral postua da nire tokia. Jardun izan dut alboko moduan ere hainbat partidutan, baina zentral gisa hobeto moldatzen naiz.

- Izan duzu, edo baduzu, eredurik foballean? Norbaiten ibileran fijatu zara?
Bat esatekotan, Carles Puyol aipatuko nuke. Bai zelaian erakutsitakoarengatik, eta baita zelaitik kanpo duen jarrerarengatik ere. Kementsua da, jokatutako partidu bakoitzean denaeman du beti... beharrezko baloreak erakutsi izan ditu.

- Zure osaba Oscarrek ere ildoa urratu du eibartarron artean. Ikusi zenuen jokatzen?
Oso txikia nintzen erretiratu zenean. Berari buruzko erreferentziak jaso izan ditut, hori bai. Eta baita hainbat partidutako bideoak ikusi ere. Nik eredutzat daukat eta, edozein zalantzaren inguruan, berarekin komentatzen dut. Asko laguntzen dit.

- Foballetik aparte, beste kirolik egin duzu?
Bai, pilotan ere ibilitakoa naiz. Gustatzen zitzaidan, baina Eibarren sartu nintzenean aukeratu behar izan nuen eta baloia hautatu nuen.

- Zure dohaien artean, zein duzu funtsezkoena? Eta non zabiltza makalago, zer duzu hobetzeko?
Bertuteen artean, buruz ondo noala esango nuke. Atzelaria izanda, bederatzi gol sartu ditut azken denboraldian; eta gehienak buruz izan dira. Bestalde, hankekin badut, bai, zer hobetzekorik: baloiarekin bidea dut oraindik egiteko.

- Lesioek ez dizute arazo handirik eman, ezta?
Zortea izan dut orain arte: oso gutxi izan ditut eta bat bera ere ez garrantzitsua.

- Gustatu zaizu amaitu berri den Eurokopa? Gehiago espero zenuen?
Izan dira neurketa interesgarriak, baina orokorrean ez nau bete. Zeozer gehiago eskainiko zigulakoan nengoen. Griezmann izan da gehien nabarmendu den jokalaria, asko hobetu du.