Miguel del los Toyos (Eibarko alkatea): “Beharrezkoa da solidarioak izatea, batez ere gehien galdu dutenei laguntzeko”

Miguel del los Toyos (Eibarko alkatea): “Beharrezkoa da solidarioak izatea, batez ere gehien galdu dutenei laguntzeko”
2020/05/16 eta kitto!
Miguel de los Toyos alkateari ere ohiko eginbeharrak aldatu dizkio pandemiak eragindako egoerak eta telelana eta bideo-deiak eguneroko bihurtu zaizkio azken aldian. Prozesuan urrats sendoak eman behar ditugula sinestuta dago, haundiak baino. Aste honetan, bestalde, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak jardun ekonomikoari laguntzeko onartutako hainbat neurri aurkeztu ditu.

Alarma egoera piztu zenetik zelako egoera bizi izan duzu?
Egoeraren kudeaketa geraezinezko ikasbidea izan da. Probatu eta akatsetatik ikasten joan gara, errealitate berrira egokitze prozesuan. Halakorik ez dugu inoiz bizi izan eta inprobisatzea egokitu zaigu. Hori bai, barne-kontsentsuei jarraitu diegu, horko erabakiak inplementatzeko. Estres puntu batera ere iritsi gara, baita emozionalki ere: muga-mugako egoeretan, gertuko jendea tartean dagoela... Balio izan digu -guztioi- jendea deskubritzeko, auzokoen aurpegiei begiak jartzeko... eta harrotasunez aipatu izan dugun eibartarron elkartasunerako prestutasun hori olatua bihurtzeko.

Barne-kontsentsua aipatu duzu. Hor udaleko beste alderdiek hartu izan dute parte?
Bai. Erabakiak Udalarenak izan dira, ez alkatearenak. Pandemia dela-eta, Bozeramaileen Batzordeko kideon artean       whatsapp taldea osatu dugu eta egunero gaude harremanetan.

Lan-kantitateak gora egin du? Zein mailan izan duzue lan gehien?
Errealitate berrira egokitu behar izan dugu eta telelana eta bideo-deiak nagusitu dira egunotan. Ordu gehiago ere eskaini behar izan diogu lan horri. Orain dela 30 urte askoz zailagoa izango zen hau guztia kudeatzea. Aurrekoan Espainiako beste 25 alkaterekin izan nintzen aldi berean gure lanaren nondik-norakoak elkartrukatzen... Kudeaketa administratiboa ere ohitzen joan da, egunez egun beste intentsitate bat hartuz. Egunero 08:00etan biltzen naiz Udaltzaingoarekin, bezperan gertatutakoa baloratzeko. Eta inoiz ez dut hainbeste boletin ofizial irakurri.

Onerako ondoriorik atera duzu bizi dugun guzti honetatik?
Gizarteak bikain erantzun du orokorrean eta erakutsitako elkartasun maila azpimarratzekoa da. Betiko salbuespenak kenduta, gehiengo handi batek eredugarri jokatu du. Birusa ez da ikusten, baina ez da kondaira; horretaz jendea jabetu da. Egia da emandako aginduak betetzeko orduan interpretazioa ez dela erraza izan askotan; adibidez, 1. fasean sartzerakoan jendeak askoz hobeto erantzun zuen bigarren egunean lehenengoan baino. Beharrezkotzat jo behar dugu solidarioak izatea, batez ere ekonomikoki kaltetu asko izango direlako... kasu askotan legeak horrela aginduta itxi behar izan dutenean.

Neurri bereziak hartu behar dituzue ondorioei aurre egiteko?
Aste honetan aurkeztuko ditugu, hain zuzen, Udaleko alderdiek adostutako neurri batzuk. Aurretik merkataritza, ostalaritza, industria eta ekintza sozial (sindikatuak, Lanbide, Gurutze Gorria...) arloetako ordezkariekin egindako bileretatik ondorioztatutako beharrei erantzun nahi diete neurri horiek, epe laburrerako proposamenekin... estrategikoagoak geroago etorriko dira. Zuzeneko dirulaguntzak daude tartean dendari eta tabernarientzat, industria arloan lanpostuei eusteko asmo sendoa... Guztira 2.700.000 euroko dirulaguntza eskainiko da, kopuru guzti hori inbertitzeko gutxienez.

Ondo sartu gara 1. fasean? Prestatuta gaude?
Datu estatistikoek hori diote behintzat. 1 fasean egon edo, batzuk dioten moduan, 0’5-ean egon, hartu dituzten erabakiei zintzo jarraitu behar diegula uste dut, ulertu eta aplikatuz. Ez diogu urratsaren tamainari hainbeste begiratu behar, gehiago balio du pausua ondo emateak. Bataila txikiak irabaziz joan behar gara.

Toyos3

Udaltzaingoak ia 350 salaketa egin ditu orain arte. Zer esaten dizu datuak?
Eibarren birusak kutsatutakoak baino gehiago dira. Udaltzaingoaren funtzioa pedagogikoa izan da batez ere, agindutakoa betetzen ez zuten kolektiboak identifikatzera mugatu dena. Horrelakoak Hiritarren Segurtasunerako Legearen bidez tramitatuko dira. Kasu askotan gazteenek hobeto erantzun dute helduek baino.

Zein da gaur egungo egoera herriko zahar-egoitzetan?
Hasieran ziurgabetasuna nagusitu zen, eta guztion artean ahalegindu ginen arazoari erantzuten. San Andres egoitzatik materiala eskatu zuten, hornikuntza-arazoak bagenituen... Eibar FT-k berak ere lagundu zien bai Eibarkoei bai Ermuko erresidentziari. Azken aldian ez digute ezer eskatu.

Neurriak jakinarazteko komunikazio politikan ez dute jendea gehiegi nahastu?
Gauzak ondo egiteko ahalegina badago; lan zaila da, askotan neurriak berehala hartu behar direlako. Bozeramaileak komunikabideen aurrean dira ia egunero, baina zalantzak ere neurri berean sortzen dira. Komunikazio ahal den ulerterrazena lortu behar dugu, jendeak zer egin jakin dezan. Saiatu behintzat.

Zelan sumatzen duzu etorkizuna? Nondik nora joko dugu?
Normaltasunera itzuliko gara, baina ez da gaur egungoa izango. Tunel batean sartu gara eta irteerako paisaia ez da izango sarrerakoa. Gure harremanak aldatuko direlakoan nago, gure geneetan daramaguna baztertu beharko dugu akaso. Ez naiz gauza zer datorkigun ondo zehazteko. Maskarak beharrezkoak izango dira seguruenik txertoa iritsi arte, birusa gurekin bizitzera etorri delako. Birusa kontrolatu beharko dugu, kolapsorik ez sortzeko.

Toyos2

Aurtengoak zelako Sanjuanak izango dira?
Eudel, Diputazioak eta Eusko Jaurlaritza, hiruren artean erabakiko dute euskal uda kulturala zelakoa izango den, eta horri jarraituko diogu guk. Ohiko Sanjuanei agur esan beharko diegu eta ikusi zein motatako aktibitateak egin ditzakegun. Auzoetako jai guztiak bertan behera geratu direnez, ez litzateke txarto egongo ekitaldi batzuk auzoetara eramatea... Streaming bidezko kalejira akaso, Untzagan zeozer 400 lagunendako-edo, distantzia gordez... Ildoak zehazten dituztenean Kultura batzordea lanean hasiko da.

Kanpoko igerilekua zabalduko da? Merkadilloa martxan ipiniko?
Igerilekua zabaltzeko borondatea badaukagu, baina aurretik jakin behar dugu zein baldintza bete behar ditugun instalazioa zabaltzeko. 1.100 laguneko aforoa du, esaten badigute herena bakarrik sartu daitekeela bete beharko dugu, aldagelekin zelan jokatu... guzti hori Eudeletik etorriko da. Merkadilloari dagokionez, erropena zabaltzea luzeago joko du. Janariena, Urkizukoa, datorren astean abiatu daiteke agian, baina %25era mugatzen bada... 12 postu daude, hiru ipintzekotan zozketatu-edo egin beharko.

Hauteskundeen aurrean, zein da zure postura?
Uste dut komeni dela ahalik  eta denbora gutxien egotea gobernu barik. Parlamentu berri batek lagunduko luke krisitik hobeto irtetzeko orduan. Aurrekontu berria onartzeko orduan hautestontziek beste legitimotasun bat eskaintzen dizute. Baina beti ere osasun-berme guztiak ziurtatuta. Hasteko, gainera, berriro osatu beharko dira hauteskunde-mahaiak, zentsoa ere aldatu delako.

Azkenik, noiz jasoko ditugu maskarak eskuratzeko bidali behar dituzuen txartel elektronikoak?
Aste honetako eguenean eta barixakuan banatuko dira buzoietan, etxeetara bidaliko dugun gutunarekin batera. Egun horietan kokatuko dira baita vending makinak herriko bost puntutan: Azitain eta Kantoi gasolindegietan, Calbeton kaleko eta Berdintasunaren pasealekuko vending guneetan eta Orbea kiroldegian.