MIKEL GARCIA: “SpainSkills irabaztea da nire helburua”

MIKEL GARCIA: “SpainSkills irabaztea da nire helburua”
2012/05/24 eta kitto!

-Nolakoa izan zen EuskoSkillsetako proba?
3 egunetan banatzen zen proba. Lehenengo egunean ariketa bi egin behar genituen. Batetik, datu-base bat oinarri hartuta taula bat osatu behar genuen. Bertan, Espainia osoko herri guztiak genituen, eta herria, probintzia, eta 2010 eta 2011ko errolda erakutsi behar genuen. Herriaren gainean klik egiten genuenean, bertako gizon eta emakumeen portzentaia eta herriak biztanle kopuruan gora egin zuen edo ez azaldu behar zen. Beste ariketan, ikasleen datu batzuekin alta, baja eta aldaketak egin behar genituen. Bigarren eguneko goizean, orrialdeari estiloa eman behar genion (kolorea eman, irudiak ipini, gifsak…) eta, arratsaldean, gure herriaren orrialdea egin eta lehen eguneko ariketa biak txertatu behar genizkion. Hirugarren eta azken egunean, gure orrialdearen aurkezpena egiteko ordubete izan genuen.
-Zure burua irabazle bezala ikusten zenuen?
Momentu batean ere ez. Ni baino esperientzia gehiago zuen maila handiko partaideak zeuden.
-Proba prestatzerako orduan Jose Serodioren laguntza izan duzu. 1. eta 3. postuak lortu dituzue. Ikasleak irakaslea gainditu du kasu honetan.
Asko zor diot Jose Serodiori, asko irakatsi didalako eta horrek askorako balio izan didalako. Beregandik asko ikasten jarraitzea espero dut. Gainera, oso ondo pasatu genuen proba egiten genuen bitartean.
-Lehen aldia da horrelako zerbaitetan parte hartzen duzuna?
Bai, lehen aldia da. Asko gustatu zitzaidan nola zegoen antolatuta dena eta berriz hartuko nuke parte, zalantza barik.
-SpainSkillsen parte-hartzeko txartela lortu zenuen. Nola prestatuko duzu?
Jose Serodiorengandik ahalik eta gehien ikasiko dut eta gero urte guzti hauetan ikasitako guztiaren gainean praktikatu beharko dut, ez dela gutxi. Interneten hainbat webgune egiten dihardut eta erabiltzaileen exijentziarekin gauza asko ikasten duzu.
-Zein da zure helburua proba horretan?
Nire helburua irabaztea izango da hasieratik, baina maila asko egongo dela dakit eta zaila izango da. Gauza berriak ikasten jarraitu behar dut garaipena lortu ahal izateko.
-Eta han irabazi gero, zer?
Hurrengoa EuroSkills izango litzateke, Europa mailan. Izugarria izango litzateke hainbeste mailako txapelketa batera joatea.