Mikel Gorosabel "Norton", EH Sukarra: "Orain zen diskoa ateratzeko une egokia"

Mikel Gorosabel "Norton", EH Sukarra: "Orain zen diskoa ateratzeko une egokia"
2013/04/22 00:00
eta kitto!

- Hamaika urte eta gero, disko berria eman duzue argitara. Zergatik orain, horrelako ixilune luzearen ondoren?
Diskoa ateratzeko une egokia orain izan delako. Kanta mordoa kajoian gordeta nituen eta horiek kaleratzeko ordua ailegatu zela pentsatu nuen. Izan ere, sarritan merkatuak berak diskoak ateratzeko exijentzia batzuk ezartzen ditu, baina diskoak benetan noiz atera erabakitzeko orduan beste kontu batzuei begiratu beharko geniekeela uste dut. Diskoan hori nabaritzen da, oso gustura nago egindako lanarekin.

- Nolakoa da disko berria?
Gure seigarren diskoan rock doinu nahiko gogorrak nagusitu ziren, baina lan honek aurreko diskoen, hirugarren, laugarren eta bosgarrenaren ildoari jarraitzen dio. Kantu oso biziak balada eta bestelako erritmoekin tartekatu ditugu, baiña beti ere gure griñari eutsita. Diskoa ezagutzera emateko single-a "Hemen gaude" izenburukoa da, Youtuben entzuteko moduan ipini genuen. Diskoan hirugarrena den kanta hori hardcorea da eta jarraian "Uhin urdinak" izenburukoa dator, pop estiloari jarraitzen dion eta pianoarekin lagunduta grabatutako abestia. Hala ere, estilo ezberdinak nahastuta egon arren, abesti guztiak elkarren artean oso ondo ematen dute.

- Zergatik ipini diozue "Uhinak" izenburua?
Interpretazioa norberaren esku laga nahi izan dugu. Uhinak diskoan dagoen "Uhin urdinak" abestiari erreferentzia egin diezaioke, uhinak koloretakoak izan daitezke, malko bat uretan jaustean sortzen dena ere uhina da…

- Asier Serranok ipini dizkio hitzak zuk sortutako doinuei. Zertaz dihardute abestiek?
Abestietan kontatzen direnek giro dekadente modukoa islatzen dute, baina hala ere beti agertzen da argiren bat. Piskat bizitzan ematen denaren parekoak dira kantak. Asierrek egindako beharrarekin oso pozik nago, harreman sakona daukagu aspaldidanik eta benetan oso ondo moldatzen gara biak elkarrekin.

- Diskoa aurkezteko berriz ere taula gainera igoko zarete, ezta?
Bai, hainbat kontzertu emango ditugu: apirilaren 27an Zaratamon, Gazte Egunean izango gara; maiatzaren 3an Berritxun; ekainaren 15ean Igorren; ekainaren 16an Donostiako Victoria Eugenian; ekainaren 28an Mungian, txosnetan; eta urriaren 23an Laudion, han ere txosnetan. Orain arte horiek dira lotuta ditugun emanaldiak, baina aurrerago Eibarren jotea espero dugu, herrian beti oso ondo hartu gaituzte eta beti gustora jarduten dugu bertan.