MIREIA NAVAS: “Idazteko, irakurtzeaz elikatu behar duzu”

MIREIA NAVAS: “Idazteko, irakurtzeaz elikatu behar duzu”
2012/02/02 eta kitto!

-Nolakoa izan da bidea, liburua idazteko boligrafoa lehen aldiz hartu zenuenetik, lana kaleratu zenuen arte?
Orain dela 5 urte izan zen liburua idazteko boligrafoa hartu nuen lehen aldi hori. Idazten hasteko arrazoietariko bat, herri txiki batera bizi izatera etortzea izan zen; lan finkoa utzi eta herri txiki batean bizitza berria hasi bainuen. Bestetik, istorio bat kontatzeko beharra neukan, bizitzan zehar izandako bizipenak paperean islatzeko gogoa. Horrela, orriak betetzen joan nintzen eta Lizarrako pasarteak, Santiagoko Bidea… kontatzen ditut.
-Zure helburua liburua idaztea izan zen ala idatzi ahala garatu zenuen ideia hori?
Kontaketa laburra izango zela pentsatzen nuen hasieran. Antzinako kulturek dioten bezala, denbora sakratua da; eta nik zerbait badaukat, denbora da. Ez daukat bikoterik, ez seme-alabarik, beraz, goizetan denbora librea daukat, eta idazten hasi nintzen denbora tarte horietan. Antzinako kontuak, Lizarraren gainean kontatzen zizkidatenak eta abar kontatzen hasi nintzen, baina hortik abiatuz nire bizitzan sakondu nuen eta istorio bat garatu nuen.
-Eleberriak Ane eta Ingrid ahizpak aurkezten ditu.
Bai, eta bietako bat hil egiten da. Liburuaren atzealdean ipintzen dudan bezala, bizitzan zehar horrelako gertakizun dramatikoak gertatzen zaizkigunean barruntz begiratzen dugu, gelditu egiten gara eta gauzak berriz planteatzen ditugu. Orduan, Ingrid, protagonista, gelditu, bere buruari entzuten hasi eta iraganeko oroitzapenak berreskuratzen ditu. Bestetik, pertsonaiak ezagutzen ditu Urbasan bizi den bitartean eta hortik abiatuz istorioa luzatzen da: maitasun kontuak, antzinako eskuizkribuak...
-Nolakoa da esku artean zure eleberria izatearen sentsazioa?
Liburua abenduaren 23an eman zidaten eta demaseko emozioa egin zidan. Oso gauza ederra da, nik beti asko irakurri dudalako. Izan ere, idatzi nahi baduzu, irakurtzeaz elikatu behar duzu. Liburua idaztea ametsa zen niretzat, eta egia bihurtu den momentuan, oso pozik nago eta jaso dudan erantzuna oso positiboa izan da. Lan ona egin dudala sentitzen dut, pozik nago eleberriarekin.
-Joan den larunbatean Eibarren aurkeztu zenuen liburua. Nola joan zen aurkezpena?
Emozio handiz. Izan ere, bizitzaren lehen urteak dira garrantzitsuenak, orduan bizitakoa delako zure barnean geratzen dena. Orain dela sei urte ez nintzela Eibarrera joaten eta oso polita izan zen. Betiko lagunekin elkartu nintzen asko maite dudan herri batean. Nire gurasoek Inazio Jatetxea zeukaten, ezaguna zena, eta nik han begira pasatzen nituen orduak. Bada, neskato hori naiz ni.