Miren Amuriza (bertsolaria): "Gure eguneroko jarrerarekin ere lagundu genezake”

Miren Amuriza (bertsolaria): "Gure eguneroko jarrerarekin ere lagundu genezake”
2016/07/08 eta kitto!
Gaur Miren Amurizaren “Kapulana bat zintzilik” ikuskizunarekin amaituko da Arrate Kultur Elkarteak antolatzen duen Ikus-entzunezkoen Astea. San Andres elizaren klaustroan izango da, 22:30ean. Hainbat arte konbinatuz, bertsolariak iazko urtean Mozanbiken izandako esperientzian oinarritutako ikuskizuna eskainiko du. Mundukide Gobernuz Kanpoko Erakundeak bere 15. urteurrenean publikoarengana hurbiltzeko Bertsozale Elkartera jo zuen eta horrela abiatu zen Amuriza Mozanbikera. Fundazioak garapen sozioekonomikorako programak bultzatzen ditu bertan, besteak beste.

- Zer da kapulana bat?
Kapulana bat oihal handi eta deigarri bat da, bere estanpatu eta koloreengatik Afrikarrek jazteko, umeak eramateko, etxeak apaintzeko eta beste hainbat kontutarako erabiltzen dituzte. Mozanbiken erosi nuen neurea eta bertan jasotako argazki eta istorioekin dakart ordu bete eta 10 bat minutu iraungo dituen ikuskizunera.

- Emanaldian zer garrantzia izango du oihalak?
Bertatik aterako ditut nire testuak, alde batetik bertso sortak eta bestetik ipuin, hausnarketa eta bestelakoak. Dena den, ikuskizunean nire irakurketez gain audioak ere tartekatzen dira eta uneoro egongo dira  Eider Eibar ilustratzailearen irudi-muntaiak ere irakurtzen dudan bitartean. Ikuskizuna Mozanbikera egindako bidaian dago oinarrituta, dena da han egina baina bertako bizipenak gurera ekarri nahi izan ditut: hango gauzei buelta eman eta hemengo bizi-ohituretara etorri naiz.

- Zer eragin nahi duzu ikusleengan?
Hemendik ematen du ezinezkoa dela Afrika aldatzea. Ezin dugula pentsatzen dugu, eta hala da. Baina ezin badugu ere badaude egin ditzakegun gauza txikiak. Nola lagundu genezaken pentsatu eta horren inguruan hausnartzea bilatzen dut lan honekin. Beti aukera berdinak etortzen zaizkigu burura; dirua ematea, bertaraino joatea,… baina badaude beste bide batzuk ere. Adibidez, eguneroko jarrerekin koherenteagoak izanez edota gure egunerokotasunean dauzkagun bestelako gauzei erreparatuz: hemen bizi diren afrikarren inguruan nola hitz egiten dugun, zer kontsumitzen dugun, herrialde azpigaratuetara bidaian joaten garenean izaten dugun jarrera,… hau guztia da kontuan hartu beharrekoa.

kapulana