Miren Martinez (boluntarioa): “Bidaia honetan unibertsitatean baino gehiago ikasi dut”

Miren Martinez (boluntarioa): “Bidaia honetan unibertsitatean baino gehiago ikasi dut”
2017/12/26 eta kitto!
Miren Martinez eibartar gaztea Costa Rican izan da azaroaren 26tik abenduaren 8ra Emaús Fundazioko formakuntza-bidaia batean.  Inklusioarekin eta gizarte eraldaketarekin lotutako gaiekin egiten du lan fundazio honek, eta hezkuntza alorrean daukaten Bizi-Hezi ikastaroaren berri izan zuenean bertan izena ematea erabaki zuen 20 urteko eibartar gazteak. Donostiako Filosofia falkultateko 3 mailako ikaslea da Miren eta urteak daramatza boluntario gisa lan egiten.

– 12 egun eman dituzu Costa Rican. Nola sortu zitzaizun aukera hau?
Emaús Fundazioaren Ikastaroaren goiburua “Komunitate eraldatzaileak eraikitzen: hausnartu, pentsau eta ekin” da. Ikastaroak komunitate inklusibo, ekitatibo eta alternatiboak eraikitzeko helburua duten esperientziak konpartitzeko aukera ematen du. On-line da, 120 ordutakoa eta formakuntza-bidaia ikastaroaren parte bat da. Costa Ricara egin dugun bidaian gazteena nintzen  eta erakunde edo talde desberdinetako oso jende interesgarria ezagutu dut: SOS arrazakeriako neska bat, Kalkuta GKEko bat, Ongietorri Errefuxiatuak taldeko bolondresak... Guztira 13 pertsona egon gara.

- Aurretik ere boluntariotza munduan jardundakoa zara...
Aldatzen bolondres bezala hasi nintzen merkataritza zuzenean, eta Gazte Aukerarekin Frantzian egon nintzen auzo-landegi batean lanean. Donostiako giza eskubideen zinemaldian epaimahaikide bezala ere jarduten dut.

- Zer nolako esperientziak ezagutu dituzue Costa Rican?
Iritsi bezain pronto, Costa Ricako egoera politiko, kultural eta soziala azaldu ziguten eta, ondoren, komunitate desberdinak ezagutzen jardun genuen. Oso interesgarria iruditu zait Costa Rican unibertsitateko ikasle bakoitzak, gradua atera nahi badu, 300 ordu egin behar dute komunitate baten boluntariotza egiten. Ikasle hauetako batzuk psikiatriko bateko irratian egiten zuten lan, eta eurekin batera proiektu hori ezagutzeko aukera izan genuen. Estereotipoak apurtu nahi zituzten irratsaio horren bitartez, eta irratiaren bidez ere aldaketa txikiak lortu daitezkeela ikusi genuen. Taldeko beste kide batzuk hondartza bat garbitzen egon ziren, bost ordutan 800 kg plastiko jaso zituzten! Talde txikietan  banatzen ginen, eta, ondoren, gure artean ikusitako esperientziak partekatzen genituen. Talde feministetako kideekin elkartu ginen Casa Batsu talde feministari esker. Bestetik, bi edo hiru eguneko bira ere egin genuen. Batzuk bibri kulturako indigenak eta euren komunitatea bisitatzera joan ginen Panamako frontera ingurura. Esperientzia izaugarria izan zen, desberdina. Txalupa batean iritsi ginen eta Casa Conikan euren kultura eta hizkuntza propioa (bibria) bizirik eusteko egiten dituzten ritualak eta jarduera desberdinak ezagutu genituen. Hango emakume batzuk daukaten txokolate-enpresa ere ezagutu genuen.

– Beraz, esperientziekin betetako motxilarekin bueltatu zarete.
Ikaspen mordoa atera ditugu. Hezkuntza popularrean ere asko ikas daitekeela ikusi dugu. Unibertsitatean baino gehiago ikasi dut! Nire inguruan dauden pertsonekin ere pila bat ikasi dut, bizitzeko alternatibak ikasi ditut, gizarte kontsumistaren aurrean alternatibak badaudela, alegia.

Miren Martinez taldea