Moises Artaetxeberria (Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidentea): “90 urte egiteak sortzen digun ilusioarekin jarraitzen dugu”

Moises Artaetxeberria (Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidentea): “90 urte egiteak sortzen digun ilusioarekin jarraitzen dugu”
2016/03/31 eta kitto!
- Zelan sentitzen da aurten 90 urte betetzen dituen Eibarko Txirrindulari Elkartea? Osasuntsu dago?
Ilusio handiz ekin diogu denboraldiari eta batzordekide berria ere badugu zuzendaritzan. 22 lankideko taldea osatzen dugu eta prest gaude beti jende gehiago hartzeko. Aurtengo denboraldian lau lasterketa antolatuko ditugu, aurrekontuak behartuta proba bat bertan behera laga ondoren. Bestalde, dirua ateratzeko antolatzen dugun udaberriko kontzertuaren zazpigarren edizioa izan dugu aurten. 90 urte betetzen ditugula-eta, Otxoa Memorialean garaikurra izango da eta San Juan Sarian Euskadiko txapela jokatuko da.

- Valenciaga Oroitzarrea betiko bidetik joango da, afizionatu mailako estatuko talde onenekin?
Jakina, Espainiako Koparako baliagarriak diren zortzi probetako bat da gurea eta hemen izango ditugu txirrindularitzako promesa handienak. Helmuga Armeria Eskola parean izango da azken urteotan bezala eta, Eibarren presentzia gehiago izan dezan, proba birritan pasatuko da herritik.

- Laguntza beharko duzue horrelako probak antolatzeko. Jende nahiko izaten duzue?
Justu samar ibiltzen gara. Lasterketetako gurutzebideetan-eta Kantabria eta Galizia Etxekoek laguntzen digute. Baina jendea adinean aurrera doa hor ere. Txistorra Egunean, 45 bat lagun dihardugu lanean.

- Federatuen txartelak ere tramitatzen dituzue. Zein egoera bizi dute herriko zikloturistek?
Federatuen kopuruak behera egin du: aurten 65 lagun federatu dira. Baina zikloturista gehiago daude, lizentzia atera barik etxeko aseguruaren koberturarekin dabiltzanak. Xelebreak ere bagara Eibarren: gusto guztietako taldeetan biltzen direnak daude, gure elkartetik pasatzeko beharrik gabe.