Nahia Fernandez (Bernedon begiralea): «Begiraleak boluntarioak gara eta ilusioak mugiarazten gaitu»

Nahia Fernandez (Bernedon begiralea): «Begiraleak boluntarioak gara eta ilusioak mugiarazten gaitu»
2017/03/03 eta kitto!
Nahia Fernandez eibartarra Bernedoko begiralea da. Magisteritza ikasi zuen ingelesarekin eta haur hezkuntza ere egin zuen. 22 urte ditu eta begirale titulua orain dela 5 urte atera zuen. Euskal Udalekuetan 4 urte daramatza. Euskal Udalekuak jatorriz Ikastolen Elkartearekin batera sortu ziren, 60. hamarkada inguruan. Klandestinitatean ikasten zuten haur horiei udan jarraipena egiteko asmoz. Egun 3 etxe daude: Bernedo, Goñi eta Abaigar. Izena emateko epea martxoaren 6an hasten da, udalekuak.eus webgunean.

– Zertan desberdintzen dira Euskal Udalekuak bestelako Udalekuengandik?
Lehenengo esan beharrekoa da Euskal Udalekuak begirale boluntarioek bultzatzen dituztela. Guk askatasun osoa daukagu nahi duguna egiteko, ez gaude enpresa baten interesen menpe. Eta Euskal Udalekuen helburu nagusia euskara bultzatzea da; errealitate desberdinetako haurrak bildu eta euskararen inguruan hausnarketa egiten dugu, euskaraz bizi daitekeela ikusi, izan ere, Zarauzko ume bat ohituta egon daiteke euskaraz bizitzen, baina agian Tuterako ume bat ez.  Hala ere, beste balore batzuk ere lantzen ditugu 3 etxeetan: hezkidetzan oinarritutako udalekuak dira, kulturartekotasuna bultzatzen da jolas desberdinen bitartez, natura,  ingurumena, birziklapena eta kontsumo arduratsua ere lantzen dira eta bukatzeko bizikidetzari garrantzia handia ematen diogu.

– Nolako ekintzak egiten dituzue?
Iaz udaleku parte-hartzaileen gisako zerbait egiten hasi ginen eta azken txandako nerabeei aukera eman genien euren proposamenak aurrera eramateko. Adibide bezala euskal musika talde bat ekar zezaketela jarri genien, eta horretarako zein prozesu jarraitu beharko luketen erakutsi genien. Hortik aurrera euren egitasmoak eta planteamenduak egitera animatu genituen. Asanbladetan biltzen ziren, ideak adostu eta modu honetan zerbait antolatzeko prozesu osoa nola egin ikasi zuten.  Honez gain, normalean egun bakoitzeko gai bat lantzen dugu. Esaterako euskal kultura oinarri izanda, pare bat egun euskal herriko historia lantzeko hartzen ditugu eta jolasen bitartez  edo antzerkien bitartez edukiak errazago barneratzen dira. Beste egun bat kultura desberdinak ikasteko izaten da eta talde bakoitzak tokatu zaion kulturako ohiturak jarraituz pasatzen du eguna.

– Nola kudeatzen dituzue udalekuak?
Urte guztian zehar biltzen gara, izan ere hamabostaldiko programazioaz gain, kontu ugari daude egiteko: konponketak, obrak, garbiketak, … lan asko egoten da eta begiraleen ardurapean dago dena.