Naroa Kareaga (zaldi-zaletua): “Zaldiarekin jauzi egitea da gehien gustatzen zaidana”

Naroa Kareaga (zaldi-zaletua): “Zaldiarekin jauzi egitea da gehien gustatzen zaidana”
2018/05/04 eta kitto!
Eibarko kaleetan trikitixarekin ikusten ohituta bagaude ere, musika ez da Naroa Kareaga eibartarraren zaletasun bakarra. Betidanik gustatu zaizkio animaliak eta zaldiekin duen harremana 11 urte zituenean hasi zen. Aurten 18 urte beteko ditu, Batxilergoko 2.maila ikasten dihardu eta astero denbora hartzen du hipika eskolara joateko eta gehien gustatzen zaiona egiteko. Psikologia ikastea erabaki du, animalien psikologian espezializatzeko aukera ematen diolako.

- Nola hasi zinen hipika praktikatzen?
Txikitatik, betidanik gustatu zaizkit animaliak. Nire lagun batzuk zaldian ibiltzen ziren eta gurasoekin kanpora joaten ginenean batzutan pasioak egiten genituen. Gurasoei beti eskatzen nien, baina, garestia izateaz gain, Eibartik kanpora joan behar duzu beti. Hainbeste aldiz esan eta gero azkenean hipika batera eraman ninduten probatzera. Oso emozionauta joan nintzen. Pentsatzen nuen hor geldituko zela, baina ez, astero hasi nintzen joaten ikastera, lehenengo urtean anaiarekin batera eta gero neu bakarrik. Lehenengo bost urteak Berrizen egon nintzen, baina jabez aldatu zuten eta beste hipika batean nago orain, Iurretako Zelai Alai-en.

- Zelako gauzak ikasten dira zalditegian?
Hasieran, oinarrizkoena ikasten da (pausoa, trosta, galopa). “Galopeak” izeneko azterketa batzuk egiten dira, eta maila desberdinak daude. Lehen hirurak hastapenekoak izaten dira eta 4tik 7ra profesionalak. Galopa kontrolatzen duzunean eta zaldi gainean ibiltzen ikasten duzunean 3. mailan saltoekin hasten zara. Azterketek alde teorikoa eta praktikoa izaten dute. Lehenengo mailetan zaldiaren kapak, aulkiaren zatiak, mantak jarri, zaldia nola tratatu, konexioa nola lortu… oinarrizko gauzak ikasten dira. Azken finean hipika ez da zaldia hartu, igo, ibili eta kitto! Joaten zarenean, zaldia kortan edo zelaian egoten da. Zeuk bakarrik joan behar duzu, zaldia hartu, eraman, garbitu, orraztu, apatxak garbitu, aulkia eta burkoa jarri… Zaldia oso animali beldurtia da, konfidantza hartzen joan behar duzu.

- Oinarri sendoa lortu eta gero orain beste maila batean zaude eta disziplina desberdinak lantzen dituzu…
Aurreko zalditegian Laugarren galopea, perfekzionamendukoa egon nintzen prestatzen, baina orduan hipikaz aldatu nuen eta azterketa alde batera utzi nuen. Dena dela, selektibitatea eta gero, konbokatoria ateratzen bada, uda honetan aurkezteko asmoa daukat. Maila honek beste prestakuntza teknikoagoa eta ezagutza maila altuagoa eskatzen du, tendoiak, zaldien arazoak… Disziplina desberdinak ikasten dira: doma klasikoa, saltoa, pista eta krossa. Saltoa da gehien gustatzen zaidana, baina danetik egiten dut, gustora nago arlo desberdinetan.

- Zelako animalia da zaldia?
Zaldia animalirik beldurtienetakoa da. Jakin behar duzu ez dela jostailu bat eta konfidantza lortzea ezinbestekoa da. Zaldiak ez dizu inoiz eraso egingo. Bere defentsa nagusia arineketan egitea da. Zaldi bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere izaera du, horregatik da inportantea zaldi desberdinekin ibiltzea. Gainera, terapia moduan asko erabiltzen da hipika, arazoak edo zailtasun bereziak dituztenek konfidantza lortzeko asko erabiltzen da eta horretarako prestauta dauden zaldiak egoten dira. Niretzako hipika hobby bat da, nire pasioa. Ez da bakarrik zaldian ibilzea, zaldiekin egoteak asko ematen dit. Hipika, trikitixarekin batera, egiteari utziko niokeen azken gauza da.