Nerea Barjola, politologoa: “Alcàsserko krimenaren inguruan eraikitako kontakizuna etengabe errepikatzen da”

Nerea Barjola, politologoa: “Alcàsserko krimenaren inguruan eraikitako kontakizuna etengabe errepikatzen da”
2018/11/09 eta kitto!
‘Microfísica sexista del poder. El caso Alcásser y la construcción del terror sexual’ liburua aurkeztu zuen atzo (eguena) Nerea Barjolak Portalean. Liburuan jasotakoaren berri eman zuen bideo eta audioen laguntzarekin, eta solasaldi dinamikoa izan zen. Politilogoa izateaz gain, feminismoan eta generoan doktorea da Barjola eta 1992an Alcàsserren gertatutako krimena ikuspegi politikotik aztertu du liburuan. Jack Tripa-ateratzailea kasuarekin paralelismoak eginez Alcàsserko krimenari esanahi berria eman dio, emakumeen bizitzarako garrantzia handia duen kontakizun politiko gisa.

 

- Nondik abiatu zara liburua idazteko?

Nire aktibismo feministatik abiatu da liburua. Idazten hasi nintzenean feminismo eta genero masterra egiten nengoen EHUn eta Bizkaiko Emakume Asanbladaren erasoen aurkako komisioan egiten nuen lan. Testuinguru horretan, ikasketak eta aktibismo politikoa batu nituen. Bestetik, Alcàsser kasuari dagokionez haserrea sentitzen nuen. Faktore guztiak batu eta Alcàsserko krimenak feminismoaren teoria kritikotik berraztertzea erabaki nuen.

- Alcàsserko krimenaren narrazio politikoa egiten duzu liburuan, baina zertan datza narrazio politiko honek?

Arrisku sexualaren kontakizunaz edo narrazio politikoaz berba egiten dudanean, egitura patriarkal eta matxistaren inguruan eraikitzen den narrazioaz ari naiz, emakumeei erakusgarri handiko mezuak bidaltzen dizkielako. Alcàsserko krimena testuinguru politiko matxistan kokatzeko egiten dut berba termino politikoetan.

- Sasoi hartan (eta gaur egun) gertaera bat izango balitz bezala aurkeztu zen Alcàsserko krimena gizartearen aurrean. Nolako ondorioa izan zuen horrela aurkezteak eta gertaera horren narrazio politikoa egin ez izanak?

Gertakizun moduan tratatuz, emakumeen aurka egiten den eraso sexista ezerezten da. Era berean, multzo sozialari eraso hauek ohiz kanpoko zerbait bezala aurkezteko aukera ematen dien ke-lainoa da. Eta ohiz kanpokoak bezala markatzen ditugunean, multzo sozialetik kanpo kokatzen ditugu. Beraz, gertatutakoaz arduragabetzen gara, nahiz eta ohiz kanpokotasunaz berba egiten dugunean multzo sozialaren arauaren esentziaz berba egiten dugun.

- Erasotzaileekin ere antzeko kontakizuna egiten da? (Ohiz kanpoko pertsonak bezala aurkezten zaizkigu: zoroak, desorekatuak, bereziak...).

Bai. Erasotzaileak multzo sozialetik kanpo edo gizonen kategoriatik kanpo dauden gizonak bezala irudikatzen baditugu, bere statu quo soziala betikotu nahi duen multzo soziala eta sistema politiko-soziala babestuko dugu. Gizonek emakumeen gorputzaren eta bizitzaren gainean dituzten pribilegioak betikotzen dira statu quo sexuala betikotzen denean.

- Alcàsserko krimenaren inguruan eraikitako kontakizunak gaur egun bizirik jarraitzen du?

Bai, etengabe errepikatzen den kontakizuna da. Forma aldatzen da, baina edukia ez. San Ferminetako erasoan, Rocio Wannhinkoff, Marta del Castillo eta Diana Querren kasuan, adibidez, kontakizun horiek batzen dituzten elementuak ia berberak dira.

- 26 urte pasatu dira Alcàsserko erasoa gertatu zenetik. Zergatik ez da aldatu kontakizuna?

Eboluzioa egon beharko litzateke, baina eboluzio hori gertatzeko maila indibidualetik kolektibora (eta alderantziz) jauzi egiten duen borondatea egon behar da. Gainera, borondate hori feminista izan beharko litzateke. Hezkuntza feministarik ez badago (eta horretarako asmorik ere), oso zaila da formatu eta edukien formak aldatzea.

- Zein izan da hedabideen rola kontakizun horren eraikuntzan?

Emakume erasotuen ardura jartzen dute dute hedabideek analisiaren erdigunean, eta erasotzaileak eta (ondorioz) multzo soziala errugabetzen dituen ohiz kanpoko kontakizuna egiten dute. Ikuspegi feminista inplementatzeko asmorik ez duten pertsonak daude hedabideetan eta euren maila diskurtsiboen kontakizun fidela osatzen dute, hau da, kontakizun matxista. Feminismoa da patriarkatuari eta emakumeen aurkako erasoak sustatzen dituen egitura sozialari aurre egiteko modu bakarra, patriarkatuaren erantzun antagonikoa delako.