NEREA GORRITI, aktorea: “Entrenetitzeaz gain pentsarazten duen obra da”

NEREA GORRITI, aktorea: “Entrenetitzeaz gain pentsarazten duen obra da”
2023/02/17 eta kitto!
‘Familia sarekada’ antzezlanean Nerea Gorriti aktore eibartarrak hartuko du parte. Gorritik hainbat antzezlan, telebista saio eta ikus-entzunezkotan hartu parte azken urteotan eta, gainera, musika arloan ere bidea egin du. Artista borobila dela erakutsi du eta orain herrikideen aurrean aritzen ikusteko aukera izango dugu.

 

Anderren azalean jartzen zara. Nolakoa da bera?

Inspektore burua da Ander. Oso erronka polita izan da pertsonaia hau lantzea, baina, ‘spoilerrik’ egin nahi ez dudanez, nolakoa den jakiteko hoberena antzokira hurbiltzea izango da.

Berak, Anderrek, sarekada egiten du familia batek lasai afaltzen duen bitartean. Zergatik?

Ustezko delitu bat ikertzeko. Honek familiako kideen sekretuak agerian utziko ditu, oso egoera dibertigarriak sortuz.

Ziberespazioa, algoritmoak... Gai distopikoa lantzen duzue, baina era berean, gertatu daitekeena. Umoreak horrelako gai delikatuak lantzen laguntzen du?

Gaur egungo gaietaz hitz egiten du antzezlan honek. Oso momentu komikoak ditu, eszenatokitik entzuten ditugu publikoaren algara eta barreak, baina era berean gauza askotaz hausnartzen da, eta nire ustez hor dago gakoa. Entretenitzeaz gain pentsarazi egiten duen obra dela.

Gazteleraz eta euskaraz arituko zarete Eibarren. Berdin jokatzen duzue bi bertsioetan?

Gazteleraz Ana Pimentak egiten du amaren pertsonaia, eta euskaraz Ainhoa Ayerbek, biak izugarrizko aktoreak. Baina, bestela, berdin-berdin jokatzen dugu bi hizkuntzetan.

Antzezlan horrez gain, ‘Yo, la peor del mundo’ musikalarekin zabiltza, musika arloan zenbait proiektutan... Momentu gozoa ari zara bizitzen?

Oso pozik nago, bai. Antzerkian, biran nabil hainbat antzezlanekin eta oso harrera ona izaten ari dira. Eta musikan, X5 Kolektiboa taldearekin "Abestiak gogoan" diskoa kaleratu dugu eta laster kontzertuak ematen hasiko gara. Bestetik, azaroan "Sunday morning" nire lehenengo single-a aurkeztu nuen eta laster abesti berriak aterako ditut. Jendearekin partekatzeko irrikitan nago.

Oraingoan Eibarren antzeztea tokatzen zaizu. Zer da zuretzat etxean aritzea?

Etxean antzeztea berezia da eta ilusio handiz bizitzen ditut beti Antzerki Jardunaldiak. Oso pozgarria da horrelako jaialdi bat herrian bertan izatea eta kulturaz eta antzerkiaz gozatzea.

nerea gorriti