Nerea Mendizabal (psikopedagogoa): “Bullying kasu baten atzean pertsonak daude eta guztiei lagundu behar diegu”

Nerea Mendizabal (psikopedagogoa): “Bullying kasu baten atzean pertsonak  daude eta guztiei lagundu behar diegu”
2017/04/09 eta kitto!
Apirilaren 25ean eskola-jazarpena edo “bullying-ari” buruzko hitzaldia eskainiko dute Portalean, Bidelagun elkartearen eskutik, 14:30etik 16:30era. Hizlaria Nerea Mendizabal psikopedagogoa, gizarte hezitzailea eta komunikazioan aditua izango da. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko miren.bidelagun@ gmail.com helbidera idatzi daiteke.

– Zertaz hitz egingo diezu hitzaldira joaten diren guraso eta hezitzaileei?
Jazarpen egoera baten aurrean, gurasoek, irakasleek eta  hezitzaileek hartu nahi dugun jarrerari buruzko lanketa bat egingo dugu. Jazarpena egiten diharduen haurrari, jazarpena jasotzen ari denari eta konplize edo ikuskatzaileei nola begiratzen diegun aztertuko dugu. Orokorrean denei etiketa jartzen diegu automatikoki: “hau biktima da, beste hau erasotzailea, hauek lekukoak...”.  Eta etiketa horien arabera hainbat  jarrera  hartzen ditugu,  batzuk “onak” eta besteak “txarrak” bezala ikusten ditugulako.

- Etiketatzea, beraz, arriskutsua izan daiteke?
Etiketatzeak inpaktu haundia du pertsonengan, batez ere haurtzaroan eta gaztaroan. Kanpoko begiradak esaten badio halako edo horrelakoa dela, berak sinistu egiten du, eta bere sistema emozionala horren inguruan funtzionatzen hasiko da. Zenbat eta gehiago esan “zu alferra zara” edo “zu erasotzailea zara”, orduan eta arrazoi gehiago emango diogu horren arabera jokatzeko. Etiketa horiek haur edo gazteengan daukaten eragina kuestionatzeaz gain, jotzen, iraintzen edo baztertzen ari den ume edo gazte hori agresorea edo zapaltzailea baino zerbait gehiago dela azaldu nahi dut. Egia da momentu batzutan jazarpena egiten ari dela, eta ez zaigula gustatzen, baina pertsona bezala hori baino askoz gehiago da.

- Eta zer gertatzen den jazarpena sufritzen ari denarekin?
Gauza bera esan dezakegu. “Hau biktima da”, “gizajoa”, “ikusi zer egin dioten”… begirada hori baldin badaukagu, berak ere hori sinistuko du. Eta hori baino gehiago da: ez da bakarrik mina jasotzen ari den haur edo gaztea. “Onak” eta “txarrak” klasifikazio horren atzean pertsonak daude, eta akzio zatarrak edo tragikoak egiten ari badira ere, zerbait ari zaie pasatzen hori egiteko. Jokaera konkretu horiekin asoziatu eta bakarrik horrekin gelditzen bagara, ez gara joango benetako arrazoietara. Marshall Rosenberg-ek esaten zuen bezala, “egiten dugunarekin gure beharren bat asetzen ari gara”. Jazarpena egiten ari denak horrela jokatzen du ez duelako beste mediorik ikusten bere beharrak asetzeko (autoafirmatzeko beharra, garrantzitsu edo boteretsu sentitzeko beharra…). Ez badiogu laguntzen beste errekurtso batzuk bilatzen, berdin jarraituko du. Aldi berean, jazarpena jasotzen ari dena, isilik dagoenean, ez dionean inori kontatzen, bere beharren batzuk asetzeko hartu du jarrera hori, eta bere protekzioa, balorazioa eta konfidantzarekin lan egin beharko da. Beste horrenbeste gertatzen da lekukoekin edo “konplizeekin”: euren beharrak asetzen ari dira (euren burua babesteko beharra edo taldeko kide izatearen beharra, esate baterako).  Behar hauek, gazte eta haurren artean, jatea edo lo egitea bezain garrantzitsuak dira.

 - Haur eta gazteen artean, nagusiekin gertatzen den bezala, liskarrak eta gatazkak izaten dira. Non dago liskarren eta bullying-aren arteko muga?
Arazo hau beti egon da eta egongo da, baina egia da izena jarri zaion momentutik kontzientzia handiagoa dagoela, kezka eta ardura gehiago dagoela. Gauza bera gertatu da emakumeen kontrako tratu txarrekin. Baina argi izan behar dugu haurren arteko liskar guztiak ez direla bullying-a. Gatazkak bizitzako zati bat dira eta horrela, konfiktoak bezala ulertuta kudeatu beharko genituzke, haur eta gazteei beharrezko erramintak eskainiz. Beste gauza bat da modu errepikakor batean, persona edo talde batek haur edo gazte baten kontra nahita jokatzen duenean, eta denboran irauten duenean.

- Ikastetxeetan bullying kasu bat dagoenean protokolo bat jartzen da martxan. Prebentzioan indar gehiago jartzea beharrezkoa ikusten duzu?
Oso inportantea da eskoletan protokoloa martxan jartzea. Jazarpena iizan dutenek eta euren familiek laguntza handia behar izaten dutelako. Baina Oesteko pelikula bat bezala ez ikustea gustatuko litzaidake niri, “txarrak” eta ”onak” bezala ez ikustea, alegia. Jazarpena egiten duen umeari, eta baita familiari ere, lagundu egin behar zaie, denon beharretara iristeko. Ikastetxeak hor dabiltza prebentzio alorrean gauzak egiten (hitzaldiak, tutoretzak…) baina nire beldurra da jarduera hauek “partxeo” bezala geldituko ote diren. Prebentzioan lan handia dago egiteko.