Oskar Estanga (bertsolaria, musikaria...): “Emozioak zaintzeko garaia dela uste dut”

Oskar Estanga (bertsolaria, musikaria...): “Emozioak zaintzeko garaia dela uste dut”
2016/06/10 eta kitto!
 Datorren ekainaren 15ean, eguaztenean, Oskar Estangak “Munduko musikekin bertsotan” saioa eskainiko du Untzagan egongo den Rugby taldeko karpan.  ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu duen ekitaldia 20:30ean hasiko da, eta bertan munduko doinuekin bertsotan jardungo du Oskar Estangak, Jon Martinekin batera. Musikarekin batera inprobisatzen dute bertsotan, mundu osoko doinuekin, Jamaikako reggaea, kubako sona, rock&rolla..., eta gaia momentuan ateratzen dena izaten da.

- Noiz eta nola hasi zinen bertso munduan?
Etxean eta herrian bertsoa gauza ohikoa zen, aitonak eta aitak errimaz erantzutea asko erabiltzen zuten, auzoko Ramonek bertso zaharrak askotan kantatzen zizkidan... Eskolan lantzen hasi ginen 12 urte nituenean, ni ongi moldatzen nintzen eta Nafarroako eskolarteko txapelketara eraman ninduten, bertan ongi moldatu nintzen, zaletasuna topatu nuen eta geroztik hor nabil bertsoen munduan.

- Nolako erantzuna izan du orain arte  zuen saioak?
Urte pare bat daramagu emanaldiarekin eta pozik gaude jendartean duen harrerarengatik, batez ere bertsozalea ez den jendeak ongi ulertzen duelako zer den bapatean aritzea eta atsegina delako musikaz lagunduta bertsoak entzutea. Oinarri grabatuak eta zuzeneko gitarra erabiltzen dugu musika moldatzeko.

- Bizitzan eta bertsolaritzan praktika osasuntsuak aldarrikatzen dituzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Gizarte nahiko "kañeroan" bizi izan gara aisialdiari dagokionez, dibertitzeko gorputzari kriston pasadak ematen dizkiogu, bertsotan askotan besteen errespetuari faltatzen diogu umorea egiteko... Emozioak zaintzeko garaia dela uste dut, horrek emaitza ederrak ematen ditu-eta. Saioan inorekin ez sartzen saiatzen gara, gauza benetakoak aipatzen, pozak, penak.... gureak direnak baina edozeinenak izan daitezkeenak.

- Batukada eta euskal kantuak nahasten dituen taldea, musika heavy-a eta elektronikoa, haurrendako lanak (Irrien laguna....), orain zer daukazu esku artean?
Azken aldian gorputza mugitzeko era ezberdinak lantzen nabil. Kontakt inprobisazioa deitzen den dantza bat nahikoa garatzen, Dantza integrala deitzen den hiru urteko formakuntza bat oraintxe bukatu berri dut eta Rio abierto deitzen den beste formakuntza bat egiten noa.  Gure inguruan gorputza askatzen ikasten dugunean, eskatzen dugun askatasunaren zati handi bat irabaziko dugu! Gustuko bideak esperimentatzeak ondorio ederrak eman dizkit beti, beraz... aurrera orain ere!