Oskar Morales (Eitzaga auzoko bizilaguna): "Ez dugu ikusten zabortegian plan zehatza dagoenik”

Oskar Morales (Eitzaga auzoko bizilaguna): "Ez dugu ikusten zabortegian plan zehatza dagoenik”
2020/05/09 eta kitto!
Eitzaga auzoan bizi da Oskar Morales ermuarra duela 10 urte inguru. Zabortegiko luizia gertatu eta gero, bertako bizilagunek batzea erabaki zuten, eta Morales da 40 auzokide horien kezkak eta eskaerak zabaldu eta bideratzeko ardura hartu duena. Apirilean sei puntuz osatutako dokumentua kaleratu dute. Dorleta Vidal kazetariak elkarrizketa hau egin dio Ermuko DROGETENITTURRI aldizkarian.

Zein da auzoko errealitatea gaur egun?
Hiru hilabete pasatu dira, eta auzoa kamioiez josita dago, bertako bidea erabiltzen delako Eitzaga Etxeberria baserriraino heltzeko. Egia da azken aste hauetan kamioen kopurua asko jaitsi dela, baina ez dakigu behin-behineko erabakia den edo berriro lehengo martxa horretan hasteko asmoa daukaten. Ez digute informaziorik ematen. Baserri horren ondo-ondoan base moduko bat dago, eta han biltzen dira ertzainak, emergentzietako pertsonala, teknikariak, ingurugiroko langileak, Ura agentziakoak, zabortegian lanean daudenei arropak jasotzen dizkieten enpresakoak, zaindariak… Horrek trafiko itzela eragiten du egunero, bai gure auzoan bai Ermuko San Lorentzo eta Zaldibarko Sallabente auzoetan ere.

Kamioien joan-etorriak ere salatu dituzue, ezta?
Bai, kamioiena gehiegizkoa da, eta batez ere hori salatu nahi izan dugu.  Esan ziguten zaborra gordeko duten ziegak eraikitzeko kamioiak pasatu behar zirela, baina jasanezina da egunean 100 lan-kamiotik gora hemendik igarotzea, aurretik aipatutako langileen kotxe eta kamioi guztiez gain.

Ziegak eraikitzeko materiala eramateaz gain, zaborra ere garraiatu dute kamioi horiek?
Ez. Badakit kalean zurrumurru hori egon dela, baina hemendik ez da pasatu zaborra zeraman kamioirik. Estalita joan arren, nik etxetik ikusten nituen, eta txintxorrez beteta igotzen ziren eta hutsik jaitsi. Herritarrei informazio garbia ez emateak hori dakar: erakundeengan konfiantza falta, susmo txarrak hartzen dira…

Auzokoen kezkak jasotzen dituen dokumentua sortu duzue. Zein da honen helburua?
Dokumentua sortu dugu erakundeetatik ez digutelako informazio eguneratua helarazten. Zaldibarko alkateak esaten digu ez dakiela ezer eta dagokion erakundean informazio hori eskatu dezala nahi dugu.kamioiak

Eusko Jaurlaritzak ere ez du zabaltzen egiten ari den lanen inguruko informaziorik?
Bai, astean behin Irekia atarian buletina kaleratzen du. Baina gure ustez informatzea da herritarren galderei erantzutea ere. Informazio asko kamioilariek ematen digute, atera kontuak! Eta arazoa da ez dugula ikusten plan zehatza dagoenik. Duela gutxi ETBren bitartez jakin genuen 4-5 astez jarraituko dutela kamioiek hemendik pasatzen. Hasieran 2 aste esan ziguten, eta jada 8 igaro dira. Orain beste lauzpabost diote…  Badakigu zabortegian zeuden barne bide batzuk eta Olaerreagako sarrera konpondu dituztela. Nahi duguna da kamioiak zabortegiko jatorrizko bidea erabiltzea eta gure etxe inguruetatik ez pasatzea

Dokumentuaren lehen puntuan luiziaren ondorioz desagertutako langileen gorpuak bilatzeko ahalegin handiagoa aldarrikatzen duzue.
Badakigu horretan dabiltzala, eta ez dela lan erraza, baina beharrezkoa deritzogu ahal duten guztia egitea.

Bizilagunei azterketa medikoak egitea ere eskatzen duzue. Uste duzue zuen osasunean eragina izan duela zabortegiak?
Bai, 10 urte baino gehiago egon da zabortegia martxan, eta behin baino gehiagotan ikusi dugu bertan kea. Auzoko baserri batzuk zabortegitik oso gertu daude, eta haiek usaina hartu eta hazkura izaten zuten eztarrian sarritan; beste baserri batzuk, ez gaude hain gertu; baina horrez gain, San Lorentzon eta Sallabenten zabortegiko kea urteetan arnastu duten bizilagun mordoa dago. Ez dakigu ze puntura arte egon diren eta dauden oraindik ere dioxinak eta furanoak airean. Kontrolik ez denez egon, jakin nahi dugu aire kutsatu horrek gure osasunean eragina izan duen.

Airearen kutsadura lotuta dago uraren, lurraren eta animalien kutsadurarekin. Egindako analisien datuak dituzue?
Ez. Esaten digute guk ez dakigula interpretatzen, eta alarma ez sortzeko-edo ez dizkigute emaitzak ematen.

Zuen kabuz analisiak egitea pentsatu duzue?
Bai, ez garelako fidatzen, baina zaila da. Dena ertzainez josita dago, eta koronabirusaren kontuarekin ezin gara etxetik irten. Gainera, dirutza da. Udalari eskatu genion, eta esan zigun dirua bazegoela kontraanalisiak egiteko, baina zain gaude.

Koronabirusak bigarren planoan utzi du zabortegia?
Noski, larrialdi egoera izan da eta ulergarria da. Baina ez da ahaztu behar familia bat etxetik kanpo dagoela duela hiru hilabete, eta inork ez diola esan noiz bueltatu ahal izango den.

Bizilagunok adostutako dokumentuaren azken puntuaren ardatza da hondakindegiari emango zaion konponbidea. Hau da, bi ziega eraikiko direla bertan zabor guztia gordetzeko. Nola balioztatzen duzue erabaki hau?
Uste dugu zentzugabekeria dela ziega bat eraikitzea Etxebarri baserritik 100 metro baino gutxiagora. Ziega hori behin-behinekoa dela diote, eta behin-behinekotasun hori idatziz nahi dugu. Uste dugu beste behin Eitzaga auzoa sakrifikatuko dutela, inork ez duelako zabor hori jaso nahi.

Ezbeharra saihestu zitekeela uste duzu?
Jakina. Gertatukoak erakutsi digu ezin direla zabortegiak enpresa pribatuen esku laga. Verter Recyclingen kasuan, behintzat, dirua izan delako lehentasuna, ez zentzuz jokatzea. Bestalde, ez dugu ulertzen horrelako mendi magal batean hondakindegi bat eraikitzea, eremu lau batean izan beharrean. Eta azkenik, erakundeen jokabidea dago. Alde batetik bere garaiko Udalak ez zuen eragozpenik ipini zabortegia eraikitzeko; bestetik, Eusko Jaurlaritzak ez du inolako kontrolik eraman. Susmoa daukagu amiantoaz gain, beste edozein hondakin botatzen zela zabortegian. Kamioiak oso urrutitik zetozen, zaborra hemen lagatzea oso merkea zelako eta ez zegoelako inolako kontrolik.