Riki Izarra (pentsioduna): “Herri batzuetan heroi moduan tratatu gaituzte”

Riki Izarra (pentsioduna): “Herri batzuetan heroi moduan tratatu gaituzte”
2019/10/25 eta kitto!
Euskal Herriko pentsiodun talde batek ibilaldia egin du Bilbotik Madrilera, eta eibartar bi egon dira tartean: Begoña Vesga eta Riki Izarra. Jaka horia soinean, 400 kilometro inguru egin dituzte 23 etapatan eta bidean aurkitu duten jendearen babes osoa jaso dute. Rikik Aranda de Dueron (Burgos) egin zuen bat martxarekin eta, bizitakoaren ondoren, hurrengo ibilaldia prestatzen dihardu dagoeneko.

- Nola sortu zen Madrilera oinez joateko ideia?

Eibarko pentsiodunen artean orain dela hilabete batzuk komentatu genuen zerbait gehiago egin behar genuela protestekin. Nik pentsatzen nuen arazoaren bihotzera joatea komeni zela, hau da, Madrilera. Han egin genezake minik handiena. Oso ondo dago astelehenero herri bakoitzean protesta egitea, konfiantza ematen digulako eta protestak bizirik jarraitzen duela erakusten duelako, baina hedabideek nekez ematen dute horren berri. Bilboko protestak agertzen dira batzuetan, baina beste barik. Guri, Eibarren, gehiago kostatzen zaigu, baina badago borrokara gehitzen joan den jendea. Nik ez du seme-alabarik, baina ingurukoengatik egiten dut borroka. Pentsioen kontuak ez dizu zuzenean eragin behar borroka egiteko. Kontestu horretan, Bilboko lagunek Madrilera martxa antolatu zuten eta jende multzo bat irten zen ibilaldia egitera.

- Nola koordinatu zarete Espainiako hegoaldekoekin?

Bilbotik irten ginenek ‘Iparreko zutabea’ osatu dugu eta Rotatik (Cadiz) irten zirenek ‘Hegoaldeko zutabea’. Hegoaldekoak lehenago irten ziren, kilometro gehiago egin behar zituztelako. Guk baino zailtasun gehiago izan dituzte, errepide batzuetatik joaten utzi ez dietenez landa-bideetatik joan behar izan direlako. Guk ere bide alternatiboak hartu behar izan ditugu batzuetan. Antzinako errepide nazionala erabili dugu batipat.

- Nola prestatu zenuten ibilbidea?

Bilboko lagunek prestatu zuten. Madrilera joateko asmoa zutela jakin genuenean Eibarko hiru lagunek bilera eduki genuen eurekin bat egin edo ez pentsatzeko. Begoña Vesga, bere aldetik, Bilbokoek prestatutako ibilaldira batu zen. Eibarko taldeko Iñaki Arzuaga eta biok bat egin nahi genuen, baina bideo batean ikusi genuen Bizkaiko pentsiodunen elkarte nagusia ibilalditik bereizten zela partikularren kontua zelako eta, ez genuenez inor amorrarazi nahi, ez irtetea erabaki genuen. Gero, ibilaldiak egun batzuk zeramanean eta gizartearen babes osoa zuela ikustean, bat egitea erabaki nuen. Ordurako, pentsiodunen plataforma guztiek babesa erakutsi zioten martxari.

- Zer sentitu duzu martxan ibili bitartean?

Guk ez dugu ezer egin, ibiltzea besterik, baina herri batzuetan heroi moduan tratatu gaituzte. Jasotako animoek hurrengo egunean gogo handiagoarekin ibiltzeko bultzatzen gintuzten. Izugarria izan da herri txikietan jaso dugun harrera. Berdin da herri bakoitzaren agintean zein alderdi politiko dagoen. Pentsiodunen aldeko parte-hartzea egon da. Guk ez dugu alderdi jakinen aldarrikapenik egin, pentsioen alde egiten dugu bakarrik, eta gure artean pentsamendu eta ideia politiko ezberdinetako jendea dago. Egia da zaila dela pentsiodunen mugimenduaren alde egiten duen jendearen artean eskuineko pertsonak egotea, baina nik ez diot inori galdetu eskuinekoa ala ezkerrekoa den. Aranda de Dueroko alkatea, adibidez, PP-koa da eta, harrera egiteaz gain, gure jaka jantzi zuen pentsiodunen sistema publikoa aldarrikatuz. “Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu behar dira” esan dugu ibilaldian zehar.



- Nola antolatu duzue ibilaldiaren logistika? (Jatea, lo egitea...)

Hiru furgoneta etorri dira gurekin eta motxila handiak hor eraman ditugu. Jateko eta lo egiteko, bestetik, jendearen laguntza eta elkartasun izugarria jaso dugu. Toki batzuetan Arzak jatetxean baino hobeto jan dugu. Lo egiteko, bestetik, batzuetan jendearen etxeetan egin dugu lo eta, bestela, lo-zakuak jartzen uzten ziguten tokian.

- Zenbat lagunek egin duzue ibilbidea?

Batzuk beranduago hasi ginen, beste batzuk etxera itzuli behar izan ziren eta jendea batu da bidean, batzuk Madrileraino eta beste batzuk etapa bat edo beste egiteko. Eta ez bakarrik pentsiodunak. Torrelagunako familia batekin adiskidetasun handia egin nuen eta euretako bat, Gemma, Madrilera etorri zen gurekin. Demasa izan zen. Egunero bere etxera joaten zen lo egitera eta hurrengo egunean gurekin bat egiten zuen etapa egiteko. Oporretan zegoen eta gurekin martxa egiten pasa zituen oporrak. Gero, 15 urteko alabak ere gurekin egin zuen bat.



- Ibiltzeaz gain, bestelako ekintzarik egin duzue bidean?


Herri gehienetan harrera egin digute. Adibidez, Honrubia de la Sierran (Segovia). Udan 100 biztanle izango ditu, gehienez. Herrira iristeko azken bidegurutzea hartu genuenean musika entzuten hasi ginen. Musika-banda geneukan zain! Poz-pozik jarri ginen. ‘Espainiako Laponia’ deitzen zaio gune horri, duen biztanleria dentsitate baxuagatik (4-6 biztanle kilometro karratuko). Herriak berreskuratzeko koordinadorak jarri dituzte martxan, mundu guztiak alde egin duelako. Normalean herriko ordezkariekin berba batzuk eskaintzen genien herritarrei, eta gure aldarrikapenak egiteaz gain, euren arazoen inguruan hainbat kontu aipatzen genituen eta eurekin egiten genuen bat.

- Zer gertatu zen Madrilera iritsi zinetenean?

Madrilen sartu ginen momentuan, Somosierran, inork ez zigun harrera egin eta ez ziguten erraztasunik eman. Hango baso-suhiltzaileen babesa jaso genuen eta euren lan-baldintzen alde egin genuen guk. Hortaleza- ko (Madril) bikote zoragarri bat etorri zen baita ere eta amaieraraino lagundu ziguten.

- Eta hiriburuan zer moduz?


Hegoaldeko zutabearekin’ bat egin genuen Puerta del Sol plazan eta pasilloa egin genien, merezi zutelako. Guk baino lan, izerdi eta sakrifizio gehiago egin zuten. Hunkigarria izan zen. Plazara iritsi baino lehen loreak eta abar eman zizkigun jendeak, babes osoa erakutsiz. Jendea negarrez ikusi nuen, demasa izan zen. Diputatuen Kongresuaren aurrean zapatilak lagatzeko asmoa genuen, protestaren eta martxaren sinbolo bezala, baina ez ziguten utzi. Aurretik baimenak lortu genituen, baina azken momentuan aldaketak egon ziren. Beraz, geunden tokian pilatu genituen zapatilak.

- Hurrengo egunean manifestazioa egin zenuten Madrilen. Amaiera biribila, ezta?

Milaka lagun bildu ginen eta Eibar pentsiodunak ere etorri ziren. Hainbat politikari ere egon zen, baina PSOE edo PP-ko bat ere ez. Barrutik zaila izan da ekintzak izan duen eragina neurtzea, baina albisteak iritsi zaizkigu eta martxak oihartzuna izan duela esan digute.

- Pentsiodunen mugimenduari indarra eman dio martxa honek?

Hurrengo martxa presatzen dihardugu dagoeneko! Orain Gasteizera joan behar dugu. Eusko Jaurlaritzak dio pentsiodunen kontuan ez duela eskumenik, baina ez du eskumenik ez duelako nahi izan. Bestetik, azaroaren 16an manifestazioak egingo ditugu Euskal Herriko probintzietako hiriburuetan eta abenduaren 12an kontzentrazioak egingo ditugu Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Martxarekin lortutako babesak balio izan digu esateko pentsioen sistema publiko baten alde egiten dugula, Europako gidalerroak dioela gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar dela, 1.200 euroko gutxieneko soldataren alde egiten dugula, alargunek pentsioaren %100 jaso behar dutela eta ez %60, eta guzti hau konstituzioan blindatuta geratu behar dela.