Romaesa Benslaiman (erlijio islamikoko irakaslea): "Klaseak eramangarriak eta dibertigarriak izaten saiatzen naiz"

Romaesa Benslaiman (erlijio islamikoko irakaslea): "Klaseak eramangarriak eta dibertigarriak izaten saiatzen naiz"
2017/02/10 eta kitto!
Romaesa Benslaimanek Haur Hezkuntza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta, orain, erlijio islamikoko irakasle ibili da Bizkaiako hainbat eskolatan. 24 urteko eibartarrak  graduondoa egin zuen karrera amaitzerakoan eta irailean ireki ziren erlijio islamikoko irakasle izateko zerrendetan izena eman zuen. Ordezkapenak egiten ibili  da eta oso  esperientzia ona izan dela dio.

– Zer moduz erlijio islamikoa irakasten?
Oso ondo! Bizkaiako hainbat herritan ordezkapenak egiten ibili naiz. Klaseak eramangarriak eta dibertigarriak izaten saiatzen naiz beti. Umeek euren identitatea lantzea da nire asmoa. Hau da, musulmanak direla, baina baita euskaldunak ere. Erlijioaren baloreak lantzen ditugu, bizitzeko moduak; historian zehar eman diren gauzei buruz mintzatzen gara, sasoi ezberdinen arteko konparaketak eginez; marrazkiak egiten ditugu; abestiak kantatu... badago material didaktikoa. Hala ere, liburuak gazteleraz ematen digute eta euskaraz behar ditugu.

– Betidanik nahi izan duzu irakasle izatea?
Bai, umeak asko gustatzen zaizkit.

– Eta erlijio islamikoko irakaslea?
Karrera egiten ari nintzela jakin nuen horren berri. Aukeraz jabetu eta begi onez ikusi nuen. Hala ere, zerrendak itxita egon dira hainbat urtetan zehar 2016ko irailera arte, beraz, ezin nuen horretan jardun, orain arte. Eskoletan erlijio islamikoa eman ahal izateko, Bizkaian mugimendu gehiago dago Gipuzkoan baino, eta hor egin dira erlijio islamikoa ikasteko eskaera gehiago. Gu horren inguruan informatzen saiatzen gara, ez ezer erreklamatzeko, baizik eta nahi duenak aukera hori duela jakiteko.

– Zein betekizun behar zenuen erlijio islamikoko irakaslea izateko?
Magisteritza karrera ikasi izana, EGA edukitzea eta erlijio islamikoa irakasteko egokitasuna erakustea.

– Zer behar da horretarako?
Musulmana izatea, erlijioari buruzko ezagutza zabala edukitzea, elkarrizketak egiten dizkizute, kongresuetara joan behar duzu... Euskal Herriko Komisio Islamikoak (UCIPV) adierazten du hori horrela dela.

– Zer moduz ikasleekin?
Ondo! Hasieran euskaraz natural berba egiten dudala ikusteak harritu egiten ditu pixka bat. Nire gurasoak Marokotik hona lanera etorritako lehenak ziren eta gu hemen jaio garen lehen belaunaldikoak gara. Bakoitzak bere identitatea dauka eta nik bi identitate kultural ditut barneratuta. Aniztasuna aberasgarria da. Pertsona bakoitza ezberdina da eta ezin gara multzoka sailkatu. Uste dut zentzu horretan lan egin behar dugula.