ROSA MARTINEZ-ALCOCER: “Antzerkiaren pozoia barrenean daramat”

ROSA MARTINEZ-ALCOCER: “Antzerkiaren pozoia barrenean daramat”
2012/03/15 eta kitto!

-Autore eibartarra, zuzendari eibartarra eta aktore eibartarra ditu antzezlanak. Zer irtetzen da guzti horretatik?
Hilaren 20an Antzerki Jardunaldietan ikusiko den antzezlana (barreak). Azaroan estreinatu genuen, Eibarren, eta publikoak oso ondo hartu du. Muturrera eramandako pertsonaia aurkezten da bertan, itxialdian dagoen zoro bat, eta bizitza berriaren aurrean duen beldurra erakusten du. Publikoarekin ondo enpatizatzen du eta denak identifikatzen gara pixka bat pertsonaiarekin. Bestetik, Sardok egiten duen lana nekeza da, ordubeteko monologoa, eta pertsonaiaren egoera emozional zaila irudikatzen du. Gaitza da eta, gainera, hainbat pertsonai antzezten ditu. Publikoak Sardoren lana baloratzen duela esango nuke. Orduan, nahasketa harrigarria izan da, baina lasaia (barreak).
-Sardo da antzezlaneko aktore bakarra. Zuzendari bezala, errezagoa da zuretzat horrela izatea?
Ez, ezberdina da. Komunikazio asko egon behar da zuzendaritza eta aktorearen artean horrelako kasuetan. Zorionez, gure artean konplizitate handia zegoen, antzerki-tailerretik kideak baikara. Horrek lana asko errezten du. Konplizitatea beti da garrantzisua alde bien artean, baina aktore gehiago badaude, ihesbide gehiago dago; Sardok ez du ihesbiderik izan ni ezik (barreak). Prozesua, zentzu horretan, latza (batez ere Sardorentzat) eta arina izan da era berean. Gorputzak eskatzen zigun erritmoan egin dugu lan, errespetu handiz.
-Nola sortu zen proiektua?
Sardoren ekimenez. Berak orain dela asko zeukan lan hau egiteko gogoa, Juan Sanchez Vallejo autorearen oso laguna baita. Pertsonai horiek antzezteko lan bati buruz egiten zuten berba; bizitza errealeko pertsonak direnak, Juanek izan dituen pazienteak izan baitira. ‘Kosmikoa’, Sardok egiten duen pertsonaia, Juanek ezagututako pertsonen arteko sintesia da. Imaginazio puntutxoa dauka, antzerkia izateko behar dena. Momentu batean, Sardo Eibarren zegoen eta lan egitea nahi zuen. “Zergatik ez dugu ideia hura berreskuratzen?”, esan zion Juani. Azken honek zirriborroa eginda zeukan eta Sardori eman zion. Testua konpontzen hasten dira eta Sardok deitzen dit esanez antzezlana nik zuzentzea nahi duela. Sardo eta biok Claudia Hochman zuzendari argentinarra ondo ezagutzen dugunez, testua bidali, eta berak egokitzapena egin eta dramaturgia sortzen du. Bere proposamena kontuan hartuta, gure artean talde-lana hasten dugu eta sortu zen dena. Pozik nago Sardok abentura honetan parte-hartzeko konbentzitu izanagatik.
-Antzezlan honetan zuzendari lanak egiten dituzu, baina aktorea ere bazara.
Bai, baina momentu hontan ez nabil lanean aktore bezala. Ez ditut ateak ixten, baina zuzendaritzan egotea nahiago dut azkenaldian. Aktore bezala zaudenean gehiago bidaiatu behar duzu, pertsonaia zureganatzeko prozesu batean konprometitu, eta abar. Antzezpenetik kanpo, bestetik, ordutegi egonkorragoa daukazu, bizitza bareagoa (nahiz eta antzerkian ez egon ezer oso egonkorra). Momentuaren arabera, gauza bat bestea baino nahiago duzu. Antzerkiarekin zerikusia duen edozertan aritzea gustatzen zait. Egiten dakidana da, antzerkiaren pozoia barrenean daramat eta, nik esaten dudan bezala, horrelakoa egitera kondenatuak gaude (barreak).
-Taldean hainbeste eibartar egonik, berezia izango da martitzeneko saioa?
Antzerki Jardunaldiek kalitatea, programazio osatua, publiko egonkorra eta publiko kantitate handia daukate, beraz, arrakasta izaten dute berez. Orduan, guretzat plazerra da hor parte-hartzea, antzerki-talde guztientzat gozokia baita. Eibarrera antzeztera etorri naizen bakoitzean emozionatu egin naiz, eta orain ere.