Rosa Prieto, CIPCA-ko zuzendari nagusia: “Oso esker onekoak gara euskal komunitatearekin”

Rosa Prieto, CIPCA-ko zuzendari nagusia: “Oso esker onekoak gara euskal komunitatearekin”
2019/05/31 08:32
eta kitto!
Eibar eta Peruren arteko harremanak estutu ditu azken 17 urteetan Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Piura eskualdean dihardu lanean Egoaiziak eta handik etorri da Rosa Prieto, CIPCA-ko (Nekazaritzaren Sustapen eta Ikerketa Zentroa) zuzendari nagusia. Egoaiziako lagunak eta hemengo erakundeak agurtzeaz gain, Piurako egoeraren berri ematera etorri da Prieto.

 

- Zein da zure bisitaren arrazoia?

Alboan GKE-k gonbidatuta etorri naiz. Egoaiziarekin 17 urte daramatzagu elkarlanean, gaur egun gure aliatu onenak dira eta Euskal Herriko erakundeen laguntza jaso ahal izan dugu eurei esker. Guretzat oso garrantzitsua da, diru horrekin landako biztanleria txiroa laguntzen dugulako. Beraz, Egoaiziako lagunak bisitatzeaz gain, laguntzen diguten erakundeekin egon naiz.

- Zuentzat berebizikoa da hemengo erakundeekin harremanak elikatu eta bizirik mantentzea?

Fluxua alde bietan eman behar da. Hemendik sustatzen diren akzioei aurpegia jartzeko etorri naiz. Bestetik, garrantzitsua da kooperazio taldeek Peruko errealitatea ondo ezagutzea, hemengoarekin alderatuz oso ezberdina delako. Behar asko dago eta oraindik urritasun handia dugu osasun eta hezkuntza zerbitzuen sarbide eta kalitatean. Uraren eta hondakin solidoen kudeaketarekin arazoak ditugu, nahiz eta Europarekin alderatuz kontsumo erritmo baxuagoa dugun. Baliabide naturalak oso garrantzitsuak dira Piuran eta, ingurugiroa zaintzen ez denez, klima-aldaketak eragiten digu. ‘El Niño’ fenomenoak asko eragiten digu eta orain dela urte bi, adibidez, uholde handiak egon ziren. Naturaren menpe bagaude ere, ahal den heinean arazoak prebenitzeko jardun behar dugu. Bestela kalte asko egongo dira eta kaltetuenak, beti, pobreenak izaten dira.

- Zeintzuk dira CIPCA-k eta Egoaiziak garatzen dituzten ekintza nagusiak?

Hainbat lerro dituen erakunde-plana osatu dugu. Batetik, gai ekonomiko-produktiboa dago. Kooperatibetan antolatzen, ekoizpena hobetzen eta komertzializazioan laguntzen diegu ekoizleei. Bigarrenik, arlo soziala dago. Haurren atentzioan lan handia egiten dugu, oraindik desnutrizio arazo handiak ditugulako; hezkuntza sarbidea hobetu egin da, baina hezkuntzaren kalitatea hobetzea falta zaigu; eta uraren kalitatea hobetu nahi dugu, ez dugulako edateko urik eta horrek haurren osasunean eragiten du. Horretarako familiak sentsibilizatu, osasun- eta hezkuntza-sektoreak artikulatu, eta erakundeekin elkarlana sustatu behar dugu. Komunitateen etorkizuna dago jokoan. Hirugarren lerroa ingurugiroari dagokio, uraren erabileraren gaia eta basoberritzea lehenetsi ditugu. Goiko basoa hondatzen badugu, ez da ura atxikituko duen esponjarik egongo eta ‘El Niño’-k eragin handia izango du beheko aldean, uholdeak sortuz. Laugarrenik, erakundeekin harremanak indartzeko lerroa dago. Herritar arduratsuak eta parte-hartzaileak hezi nahi ditugu komunitateen garapenean subjektu aktiboak izateko. Eta bestetik, udal-erakundea trebatu nahi dugu gizarte zibilaren eskaerak jasotzeko gai izateko eta gobernu irekia ezartzeko. Eibar eta Berrizko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin proiektuak ditugu, beraz, oso esker onekoak gara euskal komunitatearekin. Kakaoa ekoizten duen Procap kooperatibarekin elkarlanean gabiltza eta azpimarratzekoa da emakumeek garatutako proiektua dela. Genero ikuspegia nagusi da egiten dugun guztian. Izan ere, emakume batek autonomia ekonomikorik ez badu, bere eskubideak zeintzuk diren ez badaki eta trebakuntzarik ez badu, gizonezkoek emakumeak menderatzen jarraituko dute, batez ere landa-guneetan.

- 17 urte eta gero, Egoaiziarekin elkarlanak denbora gehiagoz jarraitu behar du?

Bai, gauza asko dago egiteke oraindik, behar asko dagoelako. Ez dugu dependentziarik sortu nahi, aktore lokalen gaitasunak indartzea da gure asmoa, euren garapena sortzeko gai izan daitezen.