Rosa Jaussi (Eibar BHIko zuzendaria): “Ikasleak sarearen bidezko lotura eta jarraipena egitea garrantzitsua da”

Rosa Jaussi (Eibar BHIko zuzendaria): “Ikasleak sarearen bidezko lotura eta jarraipena egitea garrantzitsua da”
2020/03/19 eta kitto!
Joan zen astean, aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea erabaki zuen Jaurlaritzak. 14 eguneko itxialdia agindu zuen Hezkuntza Sailak. Atzo bidalitako aginduan, ordea, itxialdia "beste abisu bat eman arte" luzatu duela jakinarazi dute. Gauzak horrela, Eibar BHIn egun hauek nola bizi dituzten jakin nahi izan dugu. Ikastetxe honetan 12-18 urte bitarteko ikasleak daude, batzuk Isasi kaleko eraikinean, eta beste batzuk jardiñeta kaleko “instian”. Rosa Jaussi ikastetxeko zuzendariarekin egon gara.

Ikastetxeak ixteko agindua joan den astean iritsi zen eta ordutik ikasleak etxean daude. Nola ari zarete moldatzen egun hauetan?
Irakasle gehienak online ari dira, eta horretarako gure webgunea moldatu behar izan dugu. Bertan gela bakoitzaren ordutegia zehaztu dugu, egunero egin beharreko lanekin. Beraz, ikasle bakoitzak bere etxetik eguneko plangintza ikus dezake. Egoera honek jarraitzen duen bitartean garrantzitsua da ikasleak sarearen bidezko lotura eta jarraipena egitea. Zentzuz jokatu behar dugu, ziurtatu behar dugu denak gutxieneko batzutara ailegatzen direla, baina ez dugu bidezkoa ikusten egunero 6 ordutan lanean jardutea. Ikasleek etxetik ezin dute hainbeste egin. Ezin diegu larregi eskatu, baina, aldi berean, aurrera egin behar dute. Nola neurtu hori? Oso zaila da.

Irakasleak ikastetxean zaudete edo etxetik diharduzue lanean?
Lehenengo hiru egunetan zuzendaritzako kide eta irakasle batzuk ikastetxean egon gara, baina atzotik denak etxean gaude. Kontua da aginduak apurka-apurka joan direla iristen, eta egunetik egunera gero eta zorrotzagoak izan direla. Ikasleak eta irakasleak, orohar, hasieran ez gara arazoaren garrantziaz jabetu eta Hezkuntzatik ere ez dizkigute mezu zehatzik bidali. Egoeraren larritasunaz jabetu gabe, ikasle batzuk (ez denak) lasaiegi joan ziren etxera eta ikas-materiala geletan utzi zuten (liburuak, apunteak…). Lehen egunetan ikasle horiei eta etxetik ikasteko oztopoak dituztenei arreta ematen egon gara. Baina, esan bezala, neurriak zorrozten joan dira eta, azkenean, ikastetxea guztiz itxita geratu da.

Beraz, ikasle batzuek ez dauzkate bitartekorik etxetik ikasi ahal izateko…
Hori da arazoetako bat. Gehienek  badituzte baliabideak, baina gutxi batzuek ez daukate ordenagailurik edo wifirik.  Gainera, batzutan gertatzen da tresna falta zaiela ikasketetan arazo gehien dauzkaten ikasleei. Saiatu gara ikastetxean egoten inprimatutako materiala emateko, baina Udaletik debekatu egin digute. Presioa handia izan dugu eta, azkenean, ixtea erabaki dugu, egoerak horrela eskatzen duelako gainera. Gure kezka da nola heldu ikasle gutxi batzuengana: ohiko jardueran zaila bada, oraingoan are gehiago. Bueltatzen garenean, Aste Santutik bueltan ziurrenik, egon diren kalteak edo galerak nola konpentsatzen ditugun ikusi beharko dugu.

Nola moldatzen ari dira irakasleak euren lana etxetik egiteko?
Telematikoki lan egiteko esan digute, baina ez digute esan nola egin eta dena oso zabalik gelditu da. Irakasle batzuk materia bideokoferentzia bidez ematen ari dira, beste batzuk bideoak grabatuz, gmailez… Guretzako ere egoera hau guztiz berria da eta apurka-apurka daukagun errealitatera egokitzen ari gara, bakoitzaren trebetasunaren arabera.

Rosa Jaussi