Saray Garzia, dantzaria: “Ez dut ikusten nire bizitza dantzatik aparte”

Saray Garzia, dantzaria: “Ez dut ikusten nire bizitza dantzatik aparte”
2018/01/26 eta kitto!
Gizarte langile moduan urtebete lanean ibili eta gero bihotzari egin zion kasu Saray Garziak. Dantza barrenean darama eta Madrilera joan zen bere ametsa betetzera. Zazpi urte daramatza han eta, formakuntza jaso ondoren, hamaika lanetan ibili da (eta dabil) dantzaren mundu zailean. Euskal Herrian ere ikusi ahal izan dugu 28 urteko eibartarra, Gaztea Dantzaren Epaimahaiaren Saria eskuratu baitu Let’s Jazz taldearekin.

 

-Nola sartu zinen dantzaren munduan?

Zortzi urterekin Nerea Lodosarekin hasi nintzen kiroldegian eta 18 urterekin Bilbora joan nintzen jazz klaseak jasotzera, teknika hobetzeko asmoz. Hip hopeko monitorea izateko ikastaroa ere egin nuen han, eta arlo bi horietan eta kaleko dantzan formakuntza hartzen joan nintzen. Bestetik, Gizarte Hezkuntzako karrera burutu eta urtebete egin nuen lan hezitzaile moduan. Hala ere, dantzaren kontua barrenean neraman eta ez nekien zein bide hartu. Dantzarekiko apustua egiteko gogoa neukan, baina baita beldurra ere. Nagusiegia nintzela eta zaila izango zela pentsatzen nuen, baina dantzaren bidea hartu eta Madrilera etorri nintzen.

-Zein eskolatan hasi zinen Madrilen?

Carmen Roche kontserbatorioan. Dantza modernoaren inguruko formazioa jaso nuen hiru hilabetean. Lau urtekoa zen, baina garestia iruditzen zitzaidan eta maila nahiko baxua zen. Ireki berri zuten beste eskola baten berri izan nuen, Madrid Dance Center, eta bi urte egin nituen han. Eskola hori bitan zatitu zen eta bertako irakasle batzuk beste proiektu bat jarri zuten martxan, Danza 180 grados, eta beste urte biz egon nintzen han. Dantza modernoaren eta garaikidearen inguruko programa jarraitu nuen bietan, batak bestearen ildoa jarraitzen zuelako. Bosgarren urtean Laboratorio 180 programan sartu nintzen dantza garaikidearen inguruan praktikak egiteko.

-Zer egin zenuen programa horren barruan?

Urte guztian zehar nazio mailako zein nazioarteko koreografoak etortzen ziren hilero eta pieza labur bat prestatzen genuen taldeka. Urte amaiera pieza guzti horien erakusketa egin genuen eta Madrilgo koreografo, irakasle eta dantzariak gonbidatzen zituzten bertara. Zerbait profesionalagoa zen ikasleak izanik.

-Zaila da dantzaren munduan lana aurkitzea?

Lan asko egin, asko mugitu eta oso aktiboa izan behar duzu. Ikaskide batzuekin talde bat sortu genuen eta koreografiak montatzen hasi ginen. Lana aurkitu genuen Madrilgo kabaret batean eta bi urte egon gara han. Bestetik, konpainia bat sortu dut lagun batekin, Kameleoi Danza, eta hiru kide gara orain. Dantza garaikidea egiten dugu eta pieza bat sortzen gabiltza. Beste alde batetik, dlcAaos konpainiarekin Manuela Barreroren ‘I’ll be your mirror’ piezan ibili naiz, eta Eibarren aurkeztu ahal izatea gustatuko litzaidake. Horrez gain, Ana Tamarizen magia ikuskizunean ere lan egin dut, telebistan ere agertu izan naiz, antzerki baterako behar zuten proiekzio baterako dantza egin dut... lan asko irten zaizkit.

-Dantzaren aldeko apustua ondo irten zaizu?

Oso pozik nago, ez nuke ezer aldatuko. Madrilera etortzea eta bide hau hartzea erabaki onena izan dela esango nuke. Ez dut ikusten nire bizitza dantzatik aparte edo dantzarekin zerikusia duen zerbait egin barik.

-Euskal Herrian lan egiteko aukera ikusten duzu?

Bai, zergatik ez? Gainera, maite dudan jende guztia han dago. Etapa kontua da, eta orain Madrilen nago eta bidea egin dut hemen. Badakit non hasi naizen, baina ez dakit non amaituko dudan.