Silbia Tubia (diseinatzaile grafikoa): “Sortzaileentzat ezinbestekoa da kolaborazio-sareak sortzea”

Silbia Tubia (diseinatzaile grafikoa): “Sortzaileentzat ezinbestekoa da kolaborazio-sareak sortzea”
2017/01/20 eta kitto!
Anuk Estudioko diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea da Silvia Tubia (Eibar, 1975), eta Bordelen eman ditu egun batzuk Euskadi/Akitaniako gazte sortzaileentzako “Euroeskualdeko Sorkuntzarako Mugikortasun” egitasmoan. Euskal Herriko zein hemendik kanpoko beste sortzaileak ezagutzeko asmoarekin erabaki  zuen Silviak Eusko Jaurlaritzako `Aquitaine-Euskadi 2016´ proiektuen artean dagoen ekimen honetan parte hartzea.

- Beste sortzaileen lanak ezagutzeko Bordelen egon zara egunotan. Nolakoa izan da orain arte egin duzun ibilbidea?
Diseinu grafikoa  ikasi nuen Bilbon. Gero enpresa baten webguneak diseinatzen jardun nuen. Bilbo eta Madril artean lanean ibili nintzen, orain dela urte t´erdi nire enpresa sortzea erabaki nuen arte. Nire lanean gehienbat marken komunikazioa, disenua eta berrikuntza digitala lantzen ditut. Bakarrik lan egiten dugun freelance edo autonomoentzat oso ondo daude horrelako programak, beste sortzaile batzuk ezagutu eta harremanak egiteko aukera ematen digutelako.

- Ondo aprobetxatu duzue elkartrukea? Zelako gauzak ikusi dituzue?
Bordeleko Fabrique Pola-k hainbat proiektu artistiko eta kultural ditu (sorkuntza kontenporaneoaz eta produkzio eta difusio artistikoaz arduratzen den elkarte bat da), eta han bisita pila bat egin ditugu, egiten duten lana bertatik bertara ikusteko. Agenda bete-betea izan dugu. Fabrique Pola-koek sinergia antzeko bat sortzen dute, hau da, artisten artean kolaborazio-sare bat lortzen saiatzen dira. Tailerrak ere egiten dituzte, eta sortzaileei laguntza indibidual zein kolektiboa eskaintzen diete. Lehendabizi Akitaniako sortzaileak egon ziren Euskal Herrian, Getxon, eta orain Euskal Herrikoak joan gara bertara. Proiektuak elkartrukatu ditugu, elkar ezagutu dugu eta kolaborazio-sarea nola sortzen den ikusi dugu. Bisita oso positiboa izan da.  3 egunetan Euskal Herritik joandako 4 enpresen artean ere harremanak finkatzen hasteko oso baliagarria izan da.

- Nola sortu zitzaizun programa honetan parte hartzeko aukera?
Programa hau Fabrique Pola, Bitamine Faktoria eta Garapen Agentzien Euskal Elkarteak sortu dute, eta nik Debegesaren bitartez izan nuen guzti horren berri (eskerrak eman nahi dizkiet Debegesako Maider Gogorza, Crsitina Zumeta eta Ernesto Igartuari). Bidaia hau egiteko aukera zegoela jakin nuenean Anuk estudioan egindako proiektuak bidali nituen, eta 11 enpresetatik 4 aukeratu zituzten, nirea barne.

- Nolakoa da zuk egiten duzun lana?
Komunikazioa eta kreatibitatea lantzen ditut. Enpresetan arlo horiek potentziatzeko lana egiten dut, enpresa horien emaitzak hobetzeko eta, azken finean, bezero gehiago erakartzeko eta estankatuta ez geratzeko. Horretarako irudi korporatiboa, mailing-a, webguneak... eta beste hainbat gauza lantzen ditut. Edozein sektore edo alorretan jarduten dut, ez daukat inolako filtrorik.

- Komunikazioaz gain, ilustrazioa ere lantzen duzu, ezta?
Ilustrazioekin firma bat daukat eta linea horrekin motxilak, tazak, agendak, aterkinak eta horrelako gauzak atera ditut.  Zorionak ludotekan, Izane dekorazio dendan eta Farmalurren daude salgai. Ilustrazioei buruzko azoka bat egongo da laster Madrilen, eta hara ere gauza gehiago ikasteko asmoarekin joango naiz.