Silvia Formenti, Alluitz Natura: “Gatzatua Idiazabal gazta egiteko prozesuaren lehen pausua da

Silvia Formenti, Alluitz Natura: “Gatzatua Idiazabal gazta egiteko prozesuaren lehen pausua da
2019/05/24 eta kitto!
Martitzenean ortu bertikalei buruzko ikastaroa eskaini ondoren, gatzatua egiten irakatsiko du Alluitz Natura baserri-eskola eta landa-garapen enpresako Silvia Formentik. Gatzatua egiteaz gain, Euskal Herriko gastronomiaren ikur honen inguruko historia eta kulturaren berri emango du. Tailerra Berbetan programaren barruan egingo da maiatzaren 28an 19:00etan ‘...eta kitto!’-n.

 

- Zer behar da, nahita nahiez, gatzatu bat egiteko?

Guretzat gatzatua Idiazabal gazta egiteko prozesuaren lehen pausua da. Hamar pausu jarraitu behar dira Idiazabal gazta lortzeko eta, lehenik, gatzatua lortu behar da. Hainbat gauza hartzen ditugu kontuan gatzatua sortzeko orduan. Batetik, natura, ardi latxarekin egiten den produktua delako. Bigarrenik, jaiotzen direnetik bi hilabete eduki arte, arkumeek amaren esnea bakarrik edaten dute, eta lehen digestio-prozesuan sortzen den entzima natural baten bitartez esnea gazta bihurtzen da euren sabelean, hau da, gatzatua. Beraz, naturak eskaintzen dizkigun aukerekin arkumearen sabelean gertatzen dena lortzen saiatzen gara. Hirugarrenik, gatzatua nola eta noiz egiten hasi ziren ikusten dugu. Historialariek diotenez Neolitoan egiten hasi ziren gatzatua egiten. Orduan, sasoi hartan erabiltzen zituzten tresnekin gatzatua egingo dugu.

- Zer egin ahal izango dute ikastaroan parte hartzen dutenek?

Bakoitzak gatzatu bat egiteko aukera izango du eta esnea prestatzen dugun bitartean gatzatuaren inguruko kontuak azalduko dizkiegu: noiz eta nola sortu zen lehenik, zergatik egiten dugun gaur egun, zein osagai behar dugun, eta abar.

- Nola hasten da gatzatua egiteko prozesua?

Parte-hartzaileei legar naturala emango diegu usaintzeko, hortik hasten delako prozesua. Usaintzen emango diegu eta gazta hondatu baten usaina daukala ikusiko dute, baina hartzidura nondik datorren ulertzeko balio du.

- Euskal Herriko gastronomiaren ikurra da, baina hemendik kanpo ere gatzatua egiten da?

Ardi latxarekin egiten den produktua da, hemen bakarrik dugun ardi arraza batekin. Biodibertsitatearen ikuspuntutik oso interesgarria da, balorea ematen diogulako ardi latxari eta ez beste arrazaren bati. Gatzatua beste modu batean egin daiteke, osagai kimikoekin edo kaltzioa duen esnearekin, baina ez da gauza bera izango. Guk naturan gertatzen dena errepikatzen dugu, osagai naturalak erabiliz.

- Norberak egindako zerbait izateak balioa ematen dio produktuari?

Noski! Gainera, tailerrean egingo dugun gatzatuak jatorri-deitura izango du. Gatzatua Idiazabal gaztaren sortze-prozesuaren pauso bat bezala ulertzen dugunez, prozesu horren lehen 20 minutuetan lortzen dena sortuko dugu ikastaroan. Hala ere, asko dago horren inguruan berba egiteko eta ordubete izango dugu den-dena kontatzeko.