Susanna Minguell: “Haurtzaroko sexu abusuak erasotua eta erasotzailearen arteko kasutik haratago doaz”

Susanna Minguell: “Haurtzaroko sexu abusuak erasotua eta erasotzailearen arteko kasutik haratago doaz”
2021/11/12 eta kitto!
Andretxeak zenbait ekintza antolatu ditu Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren harira. 16an, adibidez, Susanna Minguellek ‘Palabras dislocadas’ liburua aurkeztuko du Portalean, 18:30ean, Danele Sarriugarte idazlearekin batera, eta solasaldia egingo dute gero. Eta 26an, Minguell berriz itzuliko da Portaleara, Begi Galarzarekin errezitaldi musikatua eskaintzeko.

 

Nola planteatzen dituzu hilaren 16ko aurkezpena eta solasaldia, eta 26ko errezitaldia?

Hitzaldi eta tailerretan aipatzen dut ez dudala ulertzen gizarteak zer behar duen sormena edo artea eta alde intelektuala banatzeko. Filosofiatik nator, ikasketa horrek egin ditut, eta ez dut errealitatea ulertzen ez badira sormena eta alde intelektuala konbinatzen. Errealitatea ezin da artistikoa bakarrik edo intelektuala bakarrik izan. Are gehiago, alde artistikoa intelektuala da niretzat. Horregatik, Eibarrera etortzeko aukera nuela esan zidatenean, alde bi horrek azaltzea proposatu nuen: Danelerekin alde intelektuala eta Begirekin alde artistikoa. Danelerekin liburua aurkeztuko dut eta elkarrizketa sortuko da gaiaren inguruan; eta alde musikala erraietatik irteten den zerbait da gehiago. Haurtzaroko sexu abusuen kasuan oso garrantzitsua da alde artistikotik sartzea, beste toki batetik azaldu ez diren erramintak eta komunikazio motak eskaintzen dituelako. Haurtzaroko sexu abusuetan ematen den emozio ohikoena lotsa da, baina ziur nago poema bat irakurrita hartzaileak beste modu batean ulertu dezakela hori.

 

Gipuzkoako zenbait herritan gaia jendaurrera eraman duzu. Nolako solasaldiak izaten ohi dira horrelakoetan?

Eszenatoki ezberdinak sortzen dira, solasaldietara joaten diren pertsonen arabera. Batzuetan ez da eztabaidarik sortzen, baina beste batzuetan, Ordizian egon nintzenean bezala, eztabaidan hastea kostatu zitzaigun arren, ordubete inguru egon ginen gaiaz berbetan. Suerte guztietako pertsonak etortzen dira: haurtzaroan sexu abusuak jasan dituztenak, profesionalak, gaiaz gehiago jakin nahi dutenak, sexu abusuak jasan ditzaketen haurren amak… Guztion ekarpenak oso interesgarriak izan daitezke.

 

Azaroaren 19a (Haurtzaroko Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna) eta 25a hurbil ditugu eta, horren harira, hedabideetan gehiago egiten da berba haurtzaroko sexu indarkeriari eta indarkeria matxistari buruz. Baina, orokorrean, gizarteak nola tratatzen ditu gai hauek?

2019an ‘Palabras dislocadas’ argitaratu nuen eta proiektua forma hartzen joan da. Orain, haurtzaroko sexu abusuei ikusgarritasuna emateko eta politizatzeko proiektua da. Egun hauen inguruan gaia gehiago lantzea ondo iruditzen zait eta ondo dago agenda feministaren barruan sartzea, haurtzaroko sexu abusuen gaiaren begirada feminismotik eman behar dela uste dudalako. Hau da, gaiaren egiturara doan begirada egon behar da. Izan ere, zergatik dira ohikoak haurtzaroko sexu abusuak? Ez dira kasu isolatuak, erasotua eta erasotzailearen arteko kasu bakartutik haratago doan zerbait gehiago da gai hau. Hala ere, hilabete honetako ekintzez gain, ondo legoke urte osoan zehar bestelako ekimenak martxan jartzea, arazo hau ez delako hilabete bateko kontua.

 

Gai hau lantzeko ikuspegia aldatu behar dela aipatu izan duzu. Zergatik?

Haurtzaroko sexu abusuen inguruan boom mediatikoa dago gaur egun eta horrek asko kezkatzen nau. Mass-mediatan haurrek bizitako esperientzia erabiltzen dute artikuluei morboa emateko. Analisiarekin zerikusia duten artikuluak faltan botatzen ditut. Haurtzaroko sexu abusuei buruzko artikulu bat irakurtzen badut, ez zait hainbeste interesatzen nork egin zuen, nola izan zen… baizik eta zergatik gertatzen den hori egunero. Beraz, gizartearen isiltasuna apurtzen ari da, baina arazoa ezkutatu egiten dute errealitatean. Adibidez, ezkutatzen da hau ez dela erasotuaren eta erasotzailearen arteko harreman esklusiboa, eta guzti hau legitimatzen duen gizarte bat dagoela.

 

Nola legitimatzen du gizarteak arazo hau?

Batetik, legitimazioa epaitegietan hasten da. Izan ere, hau eguneroko arazoa da, behar den bezala epaitzen ez delako. Bigarrenik, denboran irauten duen isiltasunak ez du erasotuarekin zerikusia, baizik eta isiltasun horri tokia egiten dion gizartearekin, eta hori kontu politikoa da, ez morala bakarrik. Beraz, gaiaren ikuspegia aldatzeko, ikuspegi feminista zabaldu beharko litzateke eta haurtzaroko sexu abusuak praktika matxistatzat jo. Batetik, erasotzaile gehienak gizonezkoak direlako; eta bestetik, botere-eta gorpuztasun-jokoak ematen direlako, non erasotzaileak erasotuak baino indar gehiago duen. Hortik abiatuta, esperientzia politizatu egin beharko litzateke. Hau da, horrelako gauzak gertatzeagatik beldurtzeari laga. Gauza ikaragarria da, baina hortaz bakarrik ohartzen bagara, ez ditugu beste gauza batzuk ikusiko. Ikaragarria dena, ezin dugu barneratu. Beraz, gizartean gertatu beharko liratekeen aldaketen inguruan eztabaidatzen hasi beharko genuke, gutxienez sexu abusuak jasaten dituzten haurrei eta abusuak jasan ditugun pertsona helduei estaldura emateko.

 

Zein pauso eman beharko lituzke gizarteak aldaketak gertatzeko?

Adibidez, ikuspegi aldaketa egon beharko litzateke haurren gorputzei dagokionez, helduak haurren gorputzen jabe egiten ari garelako. Oso ohikoa da haurrak besteei musukatzera behartzea, nolako erropa jantzi behar duten esatea, zer eta nola desiratu behar duten, eta abar. Haurrak horrela hazten dira. Ikuspegi hau aldatuz eta bere gorputzen jabe izaten lagatzen ez diegun haurrak hazten ditugula onartuz, gauza gehiago egiteko erramintak izango ditugu.

 

Haurtzaroko sexu abusuen gaia tabua da. Gaia lantzeko orduan nola eragiten du horrek?

Gaia ez bada modu jakin baten ikusarazten, ezin da landu. Adibidez, nik ez dut nahi biktima bezala ikusi nazaten. Biktima bazara, aurrean duzun pertsonak biktima moduan bakarrik juzgatuko zaitu eta zuk inoiz ez duzu hori aukeratu. Horrela epaitua izanik, zuregandik desira, jarrera eta bestelako gauza jakin batzuk espero dira, biktima izatearekin zerikusia dutenak. Nik batzuetan ez ditut izan biktima izatearekin lotutako jarrerak. Iruñeako talde bortxaketarekin horrelako zerbait gertatu zen baita ere. Esan zuten neskak bere burua grabatzen laga zuela eta abar. Ez, ez zuen hori egin, egoera horretatik bizirik ateratzeko modua aurkitu zuen. Eta handik egun batzuetara festan ibili zela irten zen gero eta sare sozialetan bere jarrera epaitu zuten. “Nola liteke bortxatua izan ondoren festan ibiltzea?”, zioten. Ba bai, posible da eta oso normala. Bestetik, Tenerifen bortxatzeaz akusatua zegoen gizon bat libre laga zuten, biktimaren kontakizuna oso hotza zelako. Hain zuzen ere, horrelako gauzak modu hotzean kontatzea baliabide psikologikoa da. Nik neuk ere horrela jokatu nuen eta horrek ez du esan nahi haurtzaroan sexu abusurik jasan ez nuenik. Beraz, biktima izatearen patroian sartzen ez bazara (zuk inoiz aukeratu ez duzuna), zure berbak sinestuak ez izatea posible da. Horrela, besteek ematen dute fede zuk sexu abusuak jasan dituzun edo ez. Hori da epaiketetan gertatzen dena: fiskaltza alderantzikatu egiten da eta sexu abusuak jasan dituen pertsonak erakutsi behar du gertatu zaiona. Horregatik, Iruñeako neskari hasiera batean ez zioten sinestu, ez zelako sartzen biktimaren bezala ezagutzen dugun kategoriaren barruan.

 

Zuk nola erantzun zenuen haurtzaroan jasandako sexu abusuen aurrean?

Buruak eta gorputzak gogoratzeko prest daudena eta asimilatzeko prest gogoratzen dute. Ahazteko modu asko dago eta nik banekien haurtzaroan zerbait gertatu zitzaidala, baina ez nuen argi zer izan zen. Momentu batean haurtzaroan jasandako sexu abusuen oroitzapen gehiago etorri zitzaizkidan burura. Or0itzapenak ez ziren egun batetik bestera etorri, urteetako prozesua izan zen. Nik, adibidez, gertakizunak gogoratu nituen, baina ez orduan sentitu nuena. Handik urte batzuetara hasi nintzen sentitutakoa gogoratzen eta lana laga behar izan nuen, tratamendua hasi, eta abar. Orduan, txikitatik ondo eman zaidana egiten hasi nintzen: idaztea. Handik urte batzuetara orduan idatzitako poemak irakurri nituen eta oroitzapenen berreskuratze-prozesua eta emozio batzuen errekonozimendua (amorrua, mendekua… oso legitimoak momentu jakin batean) izan zela konturatu nintzen.

 

Idazketa lan horrek prozesu guztian lagundu dizu?

Bai, gakoa izan da. Une horretan bizi nuena ulertzeko idatzi nuen. Gero, Facebook orria zabaldu nuen eta gaia lantzen hasi nintzen bertan nire idatziekin. Orduan, Deskontrol argitaletxeak liburua egiteko aukera eman zidan. Ez nuen eredu izan nahi, nik neuk neure burua ulertzeko egin nuen. Izan ere, ez nuen ulertzen zergatik neure gorputza nahi zuen bezala zebilen. Jasandako laztanak sentitzen hasi nintzen, esaten zidaten gogoratzen nuen… Ez da erraza asimilatzeko.

 

Momentu horretan erraminta gehiago eskura izatea faltan bota zenuen?

Asko. Beno, sasoi hartan ez nuen ezer faltan bota, ez nekielako zer zegoen ere; baina orain, atzera begira, bai botatzen ditut faltan gauza batzuk. Adibidez, ondo etorriko litzaidake ahalduntze talde bat, poemak jende gehiagorekin partekatzea (sasoi hartan partekatzeko beldurra nuen) eta, bestetik, epaitua ez izatea faltan bota nuen. Nire kasua kontatzen hasi nintzenean babesa sentitu nuen, baina psikiatriaren aldetik begirada umilagoa faltan bota nuen. Lan egiten nuen mutuako psikiatrak esaten zidan zoriontsua izan behar nintzela. Iraina iruditu zitzaidan. Gauza bera esan zidan laugarren aldian zera erantzun nion: “Norbaitek alua lehertuko balizu eta zenbait egunetan aulkian eseri ezin izango bazina, zoriontsu izango zinateke?”. Kexatu egin nintzen eta medikua aldatu zidaten. Buru osasunaren inguruko asistentzia egokia izatea faltan bota dut. Gero, psikologoek lagundu egin didate, baina hiru astean behin ikusten nuen ordu erdiz. Hala ere, horrelako kasuetan pentsatzen dut ez dagoela salbatzeko ezer. Nik ez nuen neure burua salbatu nahi eta gaur egun ere berdin. Jarrera politikoa da. Lehenengo momentuan idazteko beharra nuen, beste pertsona batzuekin komunikatu, baina orain gehiago da jarrera politikoa, ez behar pertsonal bat.

 

Nork du arazo hau konpontzeko ardura?

Gizarte osoak, bakoitzak bere neurrian. Hasteko, biktimizatzeari eta harritzeari laga behar diogu. Bestetik, erakunde publikoek argiago ibili behar dira. Erantzunak eman behar dituzte, legeetatik haratago, ideologia jakin batekin.

Susanna Minguell 16-2