Teresa Castro Gutierrez, komikilaria: “Irakurri nahi nituen istorioak kontatu nahi nituelako sortu nuen ‘L.S.B., Ana’”

Teresa Castro Gutierrez, komikilaria: “Irakurri nahi nituen istorioak kontatu nahi nituelako sortu nuen ‘L.S.B., Ana’”
2017/09/29 eta kitto!
Gehituren aldizkarian aurki dezakegu Ana López Suárez Coma, hau da, ‘L.S.B., Ana’, Teresa Castro Gutierrezek sortutako komikiaren pertsonaia. Emakume lesbiana baten ikuspegitik kontatutako istorioak kontatzen ditu, umorea landuz eta denetariko gaiak jorratuz. ‘L.S.B., Anaren’ bilduma egiteko asmoa du orain autoreak eta kanpaina jarri du martxan hori gauzatu ahal izateko. Urriaren 3an proiektua azalduko du Castrok Andretxean 17:00etan.

 

-Zein da Ana, komikiko protagonista?

Orain dela 20 urte sortu nuen pertsonaia, 2013an hasi zen Gehituren aldizkarian agertzen hasi zena. Bere abenturak kontatzen dituen emakume lesbiana da eta, orokorrean, aldizkariaren gaiekin zerikusia duten gauzak kontatzen ditu: sexu-transmisio bidezko infekzioetatik babestea, bisexualitatea, transexualitatea, errespetatzen eta onartzen ez zaituen munduarekin bat etortzeko beharra... Anak umorez hartzen ditu gauzak eta alai bizi da orokorrean. Batzuetan haur edo nerabe moduan kontatzen ditu istorioak, eta beste batzuetan heldu baten erara.

-Ana sortzeko prozesu bat jarraitu zenuen edo bapatean bururatu zitzaizun?

Irten behar zelako irten zitzaidan, irakurri nahi nituen istorioak kontatu nahi nituelako. Komiki gutxi dago lesbianen inguruan, bat ere ez dagoela ez esatearren. Proiektuaren aurkezpenean azalduko dut, baina emakumea orokorrean, eta emakume lesbiana modu zehatzean, komikietan nola irudikatu den ikusi behar da. Ana zergatik sortu den? Barrenera iritsiko zitzaidan zerbait irakurtzea faltan botatzen nuelako, irakurketa hurbil bat, identifikatuta sentiaraziko ninduen zerbait. Ipar-Amerikako lesbianen istorioak ondo daude, baina hurbilagoko zerbait bilatzen nuen, hemengo kolektiboari gertatzen zaiguna kontatzea. Orain dela 20 urte sortutako Anaren pertsonaia, Gehituko eman bultzadarekin, hazi egin da, kaxoitik irten da.

-‘L.S.B., Anaren’ istorioekin bilduma egiteko proiektua daukazu martxan. Zertan datza?

Faltan botatzen dugu gai lesbikoei buruz mintzatzen den aldizkari bat, ez bakarrik gai hori tratatzen duena, baizik eta emakume lesbianen ikuspuntutik hainbat gai jorratzen dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiari ‘L.S.B. Anaren’ istorio guztiak biltzeko proiektua aurkeztu genion, kolektiboaren (LGTBI) letra guztietan mugitzen den emakume lesbiana baten istorioak jasotzen dituen argitalpen bat.

-Sortuko duzuen materialak zein erabilera izan dezake gizartean?

Komikia doakoa izango da eta LGTBI kultura hedatzea da helburua. Nahi duenarentzat eskuragai egongo den argitalpena izango da. Bestetik, Gehituk tailerrak egiten ditu ikastoletan, eta nerabeentzako aisialdi eta kirol taldeetan, eta interesgarria iruditu zaigu tailer horietan banatzeko laguntzazko materiala edukitzea. Hori da helburu nagusia. Komikien irakurketa errazagoa da nerabeentzat, ez da liburukotea, erakargarriagoa da.