Urtzi Antxustegi eta Gorka Artetxe, Garbibox: "7.000 litro ur aurreztu dugu 3 astetan"

Urtzi Antxustegi eta Gorka Artetxe, Garbibox: "7.000 litro ur aurreztu dugu 3 astetan"
2013/02/15 eta kitto!

- Nola da posible automobilak ur barik garbitzea?
Uraren ordez likido bereziak erabiltzen ditugu automobilak kanpotik zein barrutik garbitzeko. Produktuak Europan dauden onenak dira eta, %100 ekologiko eta biodegradagarriak izatean, natura eta ingurumena zaintzen dute, oso ondo garbitzeaz gain. Horiek eta mikrofibrazko trapuak erabilita, eskuz garbitzen ditugu automobilak eta, alde horretatik, makinek ez bezala, guk ez diogu txapari urraturik eta horrelakorik egiten. Sistema honek beste abantaila batzuk ere badauzka: garbitu ostean automobilari argizaria ematen diogu eta horrek hautsa hartzea eragozten du. Beraz, horri esker automobilak luzaroan garbi egoten jarraitzen du. Eta alde ekologikora bueltatuta, beste sistemekin automobil bakoitzeko 120 bat litro ur gastatzen direla kontuan hartzen badugu, guk garbitzen dugun automobil bakoitzeko kopuru hori aurrezten dugu. Beharrean eman ditugun 3 aste hauetan 59 ibilgailu garbitu ditugu eta, beraz, 7.080 litro ur aurreztu ditugu orain arte.

- Asko kostatzen da automobilak eskuz, zuek egiten duzuen moduan garbitzea?
Bai, beharra ematen digu, baina emaitza oso ona da eta merezi du. Automobil bakoitzeko bataz beste ordubete eta ordu eta erdi bitartean behar izaten dugu, kotxea goitik behera errepasatzen dugu-eta.

- Eta garestia da?
Eskatzen denaren arabera prezioa aldatzen doa, baina ibilgailu estandarra osorik (barrutik eta kanpotik) garbitzeagatik 29 euro kobratzen ditugu eta monobolumenak garbitzeagatik 46 euro. Larruarendako tratamenduak eta tapizeriaren garbiketak ere egiten ditugu eta laster argien leunketarekin hasiko gara. Izan ere, askori horregatik botatzen diete atzera IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa).

- Zergatik animatu zarete horrelako enpresa sortzera?
Bestela ere automobilekin lotutako beste kontu batzuetan jardundakoak gara eta ur bariko garbiketa sistema honen berri izan genuenean probatzera animatu ginen. Ate joka hasi eta El Corte Inglés-ekoak segidan azaldu ziren laguntzeko prest, zerbitzuarekiko interesa zutela esan eta euren aparkalekuan guretzat tokia egin zuten, guk beharrean jardun ahal izateko eta alde bietatik oso pozik gaude.