Viviane Straub, artista: “Jendea argazkiak ikustetik haratago joatea nahiko nuke”

Viviane Straub, artista: “Jendea argazkiak ikustetik haratago joatea nahiko nuke”
2017/12/15 eta kitto!
Kokojaten arkitektura estudioak bere argazkiak erakusteko ateak ireki dizkio eta hainbat testurez gozatzeko aukera ematen du Viviane Straubek. Azaroaren 25ean ireki zen Eibarren bizi den alemaniarraren “Texturas” izeneko argazki-erakusketa eta abenduaren 20ra arte egongo da zabalik Calbeton kalean, astegunetan, 10:00etatik 19:00etara.

 

-Nola izan duzu Kokojaten estudioan zure argazkiak erakusteko aukera?

Idurre Iriondorekin zerbait egiteko asmoa neukan eta bere bitartez ezagutu nuen Kokojaten estudioko Nestor Perez Valenciaga. Estudioaren aurreko aldea ez du erabiltzen eta bizitza kulturalarekin bete nahi du. Azkenean Idurrerekin ez dut ezer garatu, baina argazkien proiektua neukan abian eta Nestorrekin ados jarri nintzen.

-Zer aurkituko dugu erakusketan?

Egunerokotasunean ikus ditzakegun gauzen testura eta azalen argazkiak dira. Hostoak, lurra edo metala, adibidez. Formatu berean daude guztiak, karratuak dira marko batek inguratuak. Atentzioa deitzen dutelako aukeratu ditut azal horiek, euren kolore eta testurek beste gauza batzuk gogorarazten dizkidatelako. Jendea argazkiak ikustetik haratago joatea nahiko nuke. Oso hurbiletik egindako argazkiak direnez, ia ezin dugu jakin zer den bertan islatzen dena. Izan ere, ez gaude gauzak hain hurbiletik ikustera ohituta. Berriz begiratzen ikastea eta inguratzen gaituena estimatzea da kontua.

-Argazkia sentitzea?

Hori da! Hosto baten testura leunak zerbait gogorarazten digu; giza azala, adibidez. Gero, liburu bat utzi dut bertan, jendeak bere iritzia eman dezan.

-Eibar inspiragarria dela deritzozu?

Hiriaren kutsu industriala interesgarria da. Fabriketan sartu izan naiz argazkiak egitera. Hemengo ondarea dira eta gehiago aprobetxatu beharko lirateke horrelako tokiak. Natura aldetik ere badago non inspiratu, eta kaleko bizitza ere oso ezberdina da nire herriarekin alderatuz. Hala ere, Eibar estetikoki hobetu daitekela uste dut (barreak).

-Erakusketa bat egiten duzun lehen aldia da?

Ez. Orain dela lau urte margo- eta argazki-erakusketa egin nuen Karrikan. Ez naiz argazkilari trebea, baina argazkilaritzan ‘begia’ deitzen dena daukadala uste dut. Gero, erakusketa kolektiboak ere egin ditut.

-Beti izan duzu artista-etorria?

Bai. Txikitan asko margotzen nuen, baina gero pixkat itzali zen pasio hori. Batxilergo artistikoa egin nuen Alemanian, baina beste gauza asko egin behar nituen. Lizentziaturan zehar oporrak nituenean nahikoa margotzen nuen, baina Masterrean hasi nintzen gehiago sortzen. Artista talde batekin geratzen nintzen biluzi-artistikoak margotzeko. Romanistika masterra egin nuen, frantziar eta espainiar literatura eta artearen historia uztartuz. Beti egon naiz arteaz inguratuta. Literatura ere artea da, eta idatzi ere egiten dut, alemanieraz eta frantsesez batipat.

-Aktore moduan ere ibili zara.

Bai, txikitatik. Hemen Narruzko Zezen taldean ibili naiz, baina aurten ez naiz bueltatu denbora faltagatik. Orain Margolaritza Eskolan ere nabil eta horretan zentratu naiz.

-Zerk ekarri zintuen Eibarrera?

Tesia egiten ari nintzenean Frantziako lagun bat Getxoko Hizkuntza Eskolara joan zen lanera, eta Eibar eta Durangon lanpostu bat zegoela aipatu zidan. Hiru astetara hemen negoen. Hiru hilabete egin nituen hemen eta maitemindu egin nintzen denbora horretan. Bost urtez nire bidaia-helmuga izan da Eibar. Gero, Alemanian masterra amaitu ostean, Eibarrera etorri nintzen bizitzera. Hizkuntza Eskolan irakaslea izan nintzen eta ekainean Donostiako enpresa batean hasi nintzen lanean itzultzaile moduan.