Xabi Zubizarreta (Eibarko AEK): "Ezagutzan pauso handiak eman arren, ez da erabileran islatzen"

Xabi Zubizarreta (Eibarko AEK): "Ezagutzan pauso handiak eman arren, ez da erabileran islatzen"
2012/11/23 00:00
eta kitto!

- Zein da abenduaren 1erako deituta dagoen manifestazioa egiteko arrazoia?
Mezuak argi lagatzen duen moduan, euskeraz bizi nahi dugu, gure hizkuntza delako, natural egin eta natural sentitzen dugulako eta, horregatik, hori aldarrikatzeko asmoari jarraituta deitu dugu manifestazioa. Izan ere, batzuk euskeraz bizi nahi dugu eta horretarako gertu gaude, baina oraindik ere beste hainbatek horren aldeko pausoak ematea falta da, benetako hizkuntza komunitatea osatu ahal izateko. Manifestazioarekin, besteak beste, herritarrei eman beharreko pauso horiek emateko eskatu nahi zaie.

- Euskeraren normalizazioa lortzeko horrelako ekimenak antolatzea beharrezkoa da oraindik ere?
Baietz pentsatzen dugu, gure herrian betiko arazoak hor dirauelako: euskeraren ezagutzan pauso handiak eman dira, baina gero horrek ez dauka islarik euskeraren erabileran, arlo horretan oraindik asko dago egiteke. Bestalde, administrazioari gure herria euskalduntzeko ahalegin handiagoa egiteko eta euskeraz bizi nahi dugunak babesteko pausoak emateko eskatu nahi diogu.

- Nolako oztopoak ikusten dituzu normalizazioa gauzatzeko bidean?
Argi dago administrazioak horretarako ipintzen dituen baliabideak ez direla nahikoa eta, beraz, dauden hutsuneak betetzen joateko denok, administrazioak eta beste guztiok ahalegina egin beharko dugula.

- Irailean euskeraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko lasterketa egin zen Eibarren. Nolako oroitzapena daukazu?
Lasterketa eguna igarota, guk oso modu positiboan baloratu genuen. Gainera, parte hartu zutenetako asko umeak zituzten familiak izan ziren eta euretako askoren iritziak jasotzeko aukera izan genuen. Lasterketa oso ondo egon zela esan ziguten askok. Eibarko euskalgintzan beharrean dihardugunok ildo berean beste jarduera batzuk antolatzen jarraitzeko asmoa daukagu.