XABIER AIERDI, soziologoa: “Inmigrazioa nolakoa den gizarte hartzaileak erabakitzen du beti”

XABIER AIERDI, soziologoa: “Inmigrazioa nolakoa den gizarte hartzaileak erabakitzen du beti”
2018/03/23 eta kitto!
Azken bi hamarkadetan Eibarrera etorri den inmigrazioaz berba egin zuen atzo Xabier Aierdik Ikastenek antolatutako hitzaldian, “atzerrikoaz batez ere”. Izan ere, “Eibarrek neurri batean baditu berezitasun batzuk”, soziologoaren ustetan. Eibarko inmigrazioaren inguruko aditua da Aierdi eta gai honen gainean herrian bizi dugun egoeraren berri eman zuen Armeria Eskolan.

 

- Asko aldatu da inmigrazioaren joera edo inmigrazio-mota Eibarren azken urteotan?

Ez! Inmigrazio etorrerak eta osaerak joera hartzen duenean mantendu egiten ditu ezaugarriak. Esaterako, hasieratik dago Marokotik etorritako biztanleria. Ba egun, berau da jatorririk esanguratsuena: ia %31. Latinoamerikarren kopurua ere deigarria da: hamarretik lau dira herrialde horietatik etorritakoak. Hau da, Afrika eta Latinoamerikatik etorritako hamarretik zortzi.

- Nolakoa da gaur egungo inmigrazioa?

Joera berberak mantenduko dira, eta seguruenik Latinoamerikatik etorritakoek pisu handiagoa izango dute. Zaintzaren arloa oso garrantzizkoa da Eibarren eta kanpo inmigrazioaren bidez konpontzen ari gara hori. Jendeak uste du inmigrazio uholdeak heltzen direla eta inolako kontrolik gabeak edo edozein osaera dutelarik. Ba ez da horrela, inmigrazioaren nolakoa den gizarte hartzaileak erabakitzen du beti. Azken finean, Eibarrera heltzen amaitzen du norberak eskatu duen inmigrazioa. Nolako premiak, halako inmigrazioa.

- Zeintzuk dira Eibarren ditugun premiak?

Eibarrek bi osagai erabakigarri izango ditu. Lehenik, aurretik etorritakoen fluxuek jarraituko dute; hau da, marokoarrak. Bigarrena, premiek aginduko dutena. Hori horrela izan da beti. Etorkinak euren sorterriko norbaitek egindako bidetik etortzen dira. Orain dela 60 urte, langileak behar ziren, gizonezkoak. Gaur egun, emakumeak behar dira eta zaintza arlorako. Sasoi bakoitzean premiak ezberdinak dira, eta baita heltzen den inmigrazioa ere.

- Errealitatetik urrun dauden usteak ditu euskal gizarteak inmigrazioari dagokionez?

Bai, uste oker asko ditu. Alde batetik, exageratu egiten du kopurua. Bestetik, uste du inmigrazioa ez dala beharrezkoa. Eta, azkenik, noizbait joan egingo dela uste du. Ba ez da horrela izango. Dagoeneko 200.000 lagun dira heldu eta geratu direnak, eskoletan 40.000 neska-mutiko daude, eta euren etorkizuna gure herrian garatu nahi dute. Inmigrazioa gure gizartean estrukturala da eta halaxe tratatu behar dugu, gure gizarteko zati egonkor gisa eta hurrengo urteetan kopuruan gorantz joango da.

- Nola egin aurre inmigrazioaren inguruko aurreiritzi, uste txar, gorroto mezu eta zurrumurruei?

Pazientzia eta informazioarekin. Pazientziaz, lana oso mardula delako eta, zirimiriarekin bezala, jendartea apurka-apurka busti behar da. Lan luzea da, patxadatsua, jendearen usteak aldatzea oso zaila delako. Kanpaina oso neurtuak garatzen ikasi behar dugu. Orain artekoak oso generikoak izan dira, gizarte osoari zuzendutakoak eta efektu eskasa izaten dute.

- Non dago elkarbizitza egokiaren gakoa?

Berdintasun errealean. Estrategia argi batzuk behar ditugu. Batetik, lanaren bidez lortuko dena eta hau oso erabakigarria da etorri diren gurasoentzako. Bestetik, hezkuntza; bigarren eta gainontzeko belaunaldientzako ezinbestekoa da hezkuntza-sistema inklusibo bat, gurasoen belaunaldiko ezberdintasunak seme-alabengan baretu daitezen.

- Zeintzuk dira euskal gizarteak dituen arazo larrienak elkarbizitza egoki hori lortzeko?

Sortu daitezkeen polarizazio eta segregazio prozesuak. Inmigrazioak gizarte hartzaileari arazoak konpontzen badizkio, justiziazkoa da euren hainbat arazo leundu eta konpontzea. Esaterako hezkuntza-sisteman, harrera-protokoloetan edo familia-berbiltze prozesuetan. Gaur egungo arriskurik nabarmenak enplegu eta gizarte-segregaziotik datoz. Zutabe sendorik ezean, integrazio prozesua porrotera joan daiteke.