Xabier Lejarzegi, ENEEKeko kontseiluko zuzendaria: “Jatordua ez da umeak elikatzeko tartea bakarrik”

Xabier Lejarzegi, ENEEKeko kontseiluko zuzendaria: “Jatordua ez da umeak elikatzeko tartea bakarrik”
2017/09/29 eta kitto!
Domekan 10:00etatik 14:00etara Untzagan egingo den azoka ekologikoak emango dio hasiera Debabarreneko VI. Aste Ekologikoari. Modu ekologikoan zaindutako eta artisau-lanketarekin ekoiztutako produktuak salduko dira bertan eta, ekintzen artean, Sosola baserrikoek ogi tailerra eskainiko dute 10:00etatik 14:00etara. Urriaren 7an, bestetik, Ekolapiko Eguna ospatuko da Urkizun. Tailerrak, antzezlanak eta umeentzako jolasak eskainiko dira egun osoan zehar herritarrei Ekolapiko proiektuaren berri emateko.

 

-Azaletik, zer da Ekolapiko?

2006 urte amaieran martxan hasi zen proiektua da, bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko. Haurren eta lurraren osasuna ere ditu ardatz, elikadura ekologikoa sustatu eta praktikara eramanez. Hiru ardatz nagusi ditu proiektuak: osasuna eta hezkuntza, ingurumena eta landa garapena.

-Zenbat ikastetxetan dago martxan proiektua?

2006an, Donostiako Udalarekin elkarlanean, hango hiru haurreskolatan jarri zen martxan. Usurbil, Beasain, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Ibarrako hainbat ikastetxetara hedatu zen gero. Denen balorazioa oso positiboa da orokorrean, bai elikagaien kalitatearengatik, baita baserritarrekin dituzten harremanengatik ere. Proiektua Gipuzkoako ikastetxeetan aurkeztu bazen ere, izan duen bilakaerari erreparatuta Euskadi mailan zabaltzeko asmoa dugu.

-Eibarko ikastetxeren batek ekimenarekin bat egin du?

Eibarko ikastetxe batek interesa erakutsi du, beraz, herrian egingo den ekintza honen bitartez espero dugu animatzea eta behintzat proba fasean hastea. ‘Ekolapiko gida’ osatu dugu eta bere helburua ikastetxeei laguntzea da, eskaintzen duten jantoki-zerbitzuan elikagai ekologikoekin lan egiteko eman behar dituzten urratsak ezagutu ditzaten.

-Nolako produktu eta menuak eskaintzen ditu Ekolapikok?

Bi baldintza nagusi betetzen dituzte menuek. Batetik, menu orekatuak izaten dira, nutrizio-irizpideetara egokitzen direnak. Eta bestetik, inguruko baserrietan ekoiztutako elikagaiak dituzte oinarri, sasoiko elikagai ekologikoak erabiliz. OMEren (Osasunaren Munduko Erakundea) piramidean oinarritzen da Ekolapiko menuak diseinatzeko orduan. Elikaduraz gain, jarduera fisikoak gure osasunean duen garrantziarengatik, NAOS (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa, Obesitate Prebentzioa) estrategia ere kontutan hartzen dugu.

-Menu horiek prestatzeko ere jarraibideak zehazten dira edo hori sukaldari bakoitzaren esku dago?

Proiektuaren baldintzak betetzen direla ziurtatzeko zehazten dira menuak. Horregatik, proiektu honetan sukaldariaren papera funtsezkoa da. Egitasmoa aurrera emateko, aldeko jarrera garbia azaldu eta prest egon beharko dute eguneroko jardueran aldaketak egiteko. Izan ere, inguruko baserritarrek hornitutako elikagaiak sukaldatzen direnez, produktu freskoek presentzia handia izango dute. Kalitatearen aldetik aurrera pauso handia da, baina produktu freskoarekin lan egiteak esfortzu eta inplikazio handiagoa suposatzen du. Hala ere, esfortzu horren emaitzak oso positiboak izaten ari dira.

-EKO aurrizkia duten produktuak, orokorrean, garestiagoak izaten dira. Ekolapiko ere garestiago da beste zerbitzuekin alderatuz?

Menuan produktu ekologikoak txertatzeak dakarren gainkostua ezagutzeko, eskolak duen menua aztertu eta bertan elikagai ekologikoak txertatuz gero izango lukeen kostua kalkulatzen da. Hainbat faktoreren araberakoa da gainkostua, baina Ekolapikok izandako esperientzien arabera, 5/6 euro eguneko/umeko kuotarekin menuaren eta langileen kostua ordaindu daitekela estimatzen da. Hala ere, gainkostua murrizten saiatzen gara, betiere NAOS estrategiaren gomendioak jarraituz.

-Zein onura dakartza Ekolapikok beste menu konbentzionalekin alderatuz?

Jatordua ez da umeak elikatzeko tartea bakarrik. Irakaskuntzako hezkuntza-zerbitzu osagarria izatea du helburu proiektuak, elikadura eta osasunaren sentsibilizazio ekintzen bitartez. Horretarako, bertako eta sasoiko elikagaien kontsumoa bultzatzen da ingurumena errespetatuz.

 

(ENEEK)