ZIRIAKO ORTIZ DE ZARATE: "Euskal Herrian ez da herririk egongo nik han aurkezpenik egin ez dudanik"

ZIRIAKO ORTIZ DE ZARATE: "Euskal Herrian ez da herririk egongo nik han aurkezpenik egin ez dudanik"
2012/09/07 00:00
eta kitto!

- Zelan gogoratzen dituzu hasierako irratsaio haiek?
Arrate Irratia berriro zabaldu zela-eta, don Pedrok hots egin zidanetik, beti gogo biziz jardun dut. Hasierako euskerazko kantuek eta bertsoek bost herritako (Abadiño, Berriz, Zaldibar, Mallabia eta Ermua) berriak jasotzearekin izan zuten jarraipena eta hori izan zen lan gehien eskatu zidan zeregina: horretarako, astelehen goizean jai hartzen nuen tailerrean... aurretik zapatu arratsaldean errekuperatuta, jakina.
- Noiz hasi zinen hain gustoko dituzun herri-kirolak kubritzen?
Bernardo Ibarra irratiko zuzendariak hala eskatuta hasi nintzen aurretik Emilio Azurmendik jardundako lanean. Herri-kirolak aurkezten ez da izango herririk Euskal Herri osoan nik bertan aurkezpenik egin ez dudanik. Hemendik kanpo ere jardundakoa naiz lan horretan: Madrilen,  Bartzelonan, Sorian, Asturiasen... Kanarietan ere izan naiz, hiru urtetan, hemengo kirolariekin bertara joanda.
- Tailerrean beharrean jardunda ere, kazetari sentituz.
44 urte eman ditut lantoki berean, ugazabarekin ondo konpondu izan naiz eta banuen tarterik  gauza biak batera eramateko, kazetari sentitu arte.
- Hutsunerik nabaritu duzu orain, irratsaioa lagatzean?
Pixka bat. Hasieran pena handia, hiru bertsoekin agurtu nintzenetik. Baina ibilbidea pozgarria izan dela onartuz eta, Arrateri esker, jende asko ezagutu dudala jakinez. Gero konturatu naiz, gainera, une ezin egokiagoan laga dudala, ordutik Donostian eta Mendaron ingresatuta egon naizelako.
- Zelakoa da Arrateko Irratiko entzulea? Zelan ikusten duzu zuk?
Entzule ona eta jatorra. Bizkaian eta Gipuzkoan jarraitzen da batez ere, baina neri suertatu zait Kantabriatik, Asturiasetik eta Soriatik ere entzutea irratia. Bizitza erdia eman didate neri entzuleek eta hori nabaritu izan dut azken aldian ospitalean egon naizenean ere: bisitak, umeen besarkadak...
- Herri-kirolek badute merezitako tartea komunikabideetan zure ustez?
Gero eta gehiago. ETB-ren programazioan indartzen doaz, nahiz eta jaialdiak gutxitzen.
- Animaliekin egiten diren herri-kirolak ez doaz gutxitzen?
Ez nuke hori esango. Idi-probek bere indarrari eusten diote, ahari-jokoak astero egiten dira Azpeitian... Izatekotan, oilarren kontua, debekatuta daude-eta.
- Jendea hurbiltzen da herri kiroletara?
Sarrerek zerikusi handia dute; horren araberakoa da. Ordaindu gabekoa bada, lehertzerainoko betekadak ikusi daitezke herri-kiroletan.
- Zein proba gustatuko litzaizuke ikustea? Zein da erregina zuretako?
Gustora ikusiko nuke bi elkarren arteko lehia 10-11 arrobako harri kubikoarekin, 10 minutuko
ekitaldian. Sarrera garestienak ere hor izaten dira: hor eta aizkoran.
- Apustuzalea zara, ezta?
Bai, hor kirolariek gehiago -edo dena- ematen dutelako.  Erakustaldietan-eta erosoago dabiltza, abildadeak gordez eta jairik-jai. Sasoi bateko Endañetak apostu asko egin zituen. Perurena handiak ere bederatzi egin zituen, gehienak galdu bazituen ere apostuak baztertu baino lehen.
- Zelan dago herri-kirola Ermuan eta Eibarren?
Ermuan Ureta baserriko 11 urteko harrijasotzailea badugu, bikaina datorrena. Zelairekin dabil. Eibarren izan zenuten kumaldi bikaina: Larrañaga, Bihurri, Kortina, Baglietto aizkorarekin... Baina ostilarien bidetik jo duzue, Susaeta, Galarreta eta abarrekin.
- Herri-kirolaririk konpletoena zure gustorako?
Kirol guztiak kontuan hartuta, Olasagasti: denetan moldatzen da ondo. Eta pilotan, Gallastegi.
- Zelan agurtuko zenuke zure entzulea izan dena?
Esanez Arrate Irratiko entzule jator eta gogotsuak izateko, Ziriako bertan ez bada ere. Kontuan izan ni baino hobeak daudela egun. Bihotzez  estimatuko nuke entzule finak izatea.