Emakumeok planto!

Emakumeok planto!
2019/03/07 eta kitto!





Emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko eta eskubide horiek betetzea eskatzeko eguna da Martxoaren 8a eta aurten egun horretarako Greba Feminista deitu dute Euskal Herriko Mugimendu Feministatik eta Eibarren ere deialdiarekin bat egin du M8 Plataformak. Orain egun batzuk egindako agerraldian azaldu zutenez, “bost ardatzetan antolatzen da greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izango da”. Hala ere, zaintza grebari indar berezia eman nahi izan diote.

Eibarren egun osorako egitaraua prestatu dute, gauerditik bertatik hasita. Horrekin batera Untzagan gune informatiboa egongo da egun guztian. Hemen ekitaldien zerrenda: 08:00etan emakume ikasleak ere greban gaude; 10:30ean kaleak hartu; 12:30ean elkarretaratzea (mixtoa, emakumeak aurrean); 13:00ean pikete feministak; 14:30ean topa eta bazkari autogestionatua (bakoitzak berea ekar dezala); 17:00etan zaintza tailerra; 18:30ean Irradaka dantza tailerra; eta 20:00etan manifestazioa, “Heterokapitalismo patriarkalari planto!” goiburuari jarraituz (mix- toa, emakumeak aurrean). Ondoren, ekitaldia eta akelarrea Untzagan.

eibarko egitaraua




Berdintasun Zerbitzua-Andretxeak ere bat egingo du grebarekin, baina, horrez gain, martxorako beste jarduera batzuk antolatu ditu. Hasteko, martxoaren 12an, 18:00etan Portaleko erakusketa aretoan inauguratuko diren hiru erakusketa prestatu ditu: “Lanak etxean, hobe denon artean” izenekoak etxeko lanak banatzearen aldeko jarrerak sustatzea eta aldaketak sortzea du helburutzat. “13 + 1 Migrazio bideak eta zaintzak” izenekoan, berriz, “Zaindu zaintzaileak" tailerreko bizipenak azalduko dira. Lana Katia Hernandez Dominguezena da eta LUMATIKen laguntza dauka. Eta hirugarren erakusketa “Itsaspeko bihotzak” izenekoa da. Areto literario honetan, genero berdintasunaren gaia lantzen da, euskerazko haur literaturaren bitartez. Horretarako Galtzagorri elkarteak hezkidetza ardatz duen ibilbide artistiko- pedagogikoa diseinatu du eta, liburu jakin bat aitzakia izanik, hezkidetzarekin lotura zuzena duen gai bat jorratuko dute umeekin, arte diziplina ezberdinak erabiliz aretoaren txoko bakoitzean. LHko 4. mailako haurrek bisita gidatuak egin ditzaten pentsatuta dago. Beraz, ikastetxeekin lotutako bisitak egingo dira, baina horrez gain familientzako saioa ere egingo dute martxoaren 12an. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da Liburutegian. Juan San Martin Liburutegiak eta Berdintasun Zerbitzuak elkarlanean antolatu dute erakusketa. Hiru erakusketak hilaren 31ra arte egongo dira zabalik.




Martxoaren 21ean, berriz, Andretxearen 15. urteurrena ospatzeko saio berezia egingo da Portaleko ikastaro gelan, 17:00etatik 20:00etara: “Tupper sex feminista eta ipuin erotikoak” izenekoan “emakumeei sexualitatea eta barrea (ber)eskuratzeko estrategiak eskainiko dizkigute Virginia Imazek eta Inma Merinok”. Jarduera emakumeei zuzenduta dago eta doakoa izango da. Eta, urtero lez, Juan San Martin Liburutegiarekin batera Martxoaren 8ko irakurketa-gida prestatu dute.