Empty Files taldearen kontzertuarekin hasiko dira Domeka Kulturalak

Empty Files taldearen kontzertuarekin hasiko dira Domeka Kulturalak
2019/11/29 eta kitto!
Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak (EMGE) kudeatzen dituen Legarreko musika lokaletatik hamaika talde pasatu dira eta, horien lana ezagutzera emateko asmoz, Domeka Kulturalak izeneko ekimena ipiniko dute martxan abenduan, domeka arratsaldeak zuzeneko musikarekin girotuko duten hiru kontzertu antolatuta: asteburu honetan, abenduaren 1ean, Empty Files taldeak joko du Portalean, 19:00etatik aurrera. Abenduaren 22an, berriz, A Tutti Plain taldearen txanda izango da eta abenduaren 29an, berriz, Ni Neu musikariak eskainiko du emanaldia. Kontzertu guztiak 19:00etan izango dira, Portalean, eta sarrera doan izango da.

Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak ia 25 urte daramatza musikarekin lotutako ekintzak herrian sustatzen eta Legarreko musika sorkuntzarako instalazioen kudeaketaz arduratzen. Udalak bertan dituen lokal horietan, entseguak egiteaz gain, askok maketak eta diskoak grabatu dituzte. Gehienak Eibarko musikariek osatutako taldeak dira eta oso estilo anitzeko musika sortzen dute.