Eneko Illarramendi: “Pertsonalki oso gogobetegarria da lanean egotea: beteta sentitzen naiz”

Eneko Illarramendi: “Pertsonalki oso gogobetegarria da lanean egotea: beteta sentitzen naiz”
2021/03/05 eta kitto!
1976an jaio zen Eneko Illarramendi eibartarra San Sebastian klinikan, eta ordu gutxira bihotzeko arazaoa zuela ohartu eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Han ondorioak lagako zizkion hil ala biziko ebakuntza egin zioten. Ezgaitasuna ez da, ordea, oztopo izan eibartarrarentzat bere ibilbidea egiteko.

Nola suertatu zitzaizun Danobat enpresan lanean hastea?

2017an Eibarko Udalak 35 urte baino gehiagokoei bideratutako ikastaro bat jarri zuen abian eta nik izena eman nuen. Bi hilabeteko ikastaroa izan zen, eta helburua lan-mundura salto egiteko baliabide eta tresnak ematea zen: curriculumak nola egin, lan-mundua ezagutu… Ikastaroa amaitu baino hilabete lehenago, nire curriculuma GUREAK elkartera bidali nuen, eta haiek Danobat enpresara bidali ninduten. Elgoibarko enpresa hori desgaitasuna zuen pertsona baten bila zebilen lanpostu bat betetzeko, eta ni izan nintzen hautatua.

Zenbat denbora daramazu lanean?

Sei hilabeteko praktikaldia egin nuen hasiera batean Danobaten, baina, nirekin gustura zeudenez, plantilan sartu ninduten eta kontratu mugagabea egin didate. Dagoeneko lau urte daramatzat lanean, eta ezin gusturago nago.

Aurretik beste nonbaiten aritu zara lanean?

Lehen aldia da laneko kontratu batekin enpresa batean nagoena, baina, duela urte asko praktikaldi laburrak egin nituen beste pare bat enpresatan: INEMen (orain Lanbide moduan ezagutzen dena) eta Ipar Kutxan.

Zein da zure eginkizuna Danobaten?

Batetik, enpresako gela guztiak uneoro behar dituzten material eta baliabideekin daudela bermatzea da nire zeregina: boligrafoak, paperak, “post-it”ak… Gainera, bilerak eta bestelakoak amaitzen dituztenean, proiektoreak itzalita daudela eta kableak jaso direla ziurtatu beharra daukat, dena bere lekuan geratu dadin. Bestetik, noizbehinka parkingetik paseoak ematen ditut, eta gaizki aparkatuta dauden autoei abisuak jartzen dizkiet. Nire betebeharra parkingeko autoak bere lekuan egotea da, askok zamalanetako edota elbarrien lekuan lagatzen baitute ibilgailua. Azkenik, Danobatekin batera dauden beste kooperatiben artean eguneroko korreoa banatzen dut: Goitin, IDEKOn eta Danobat Groupen.

Nola joaten zara lanera? Zein ordutegi daukazu?

Autobusean egiten dut joanetorria egunero. Lau orduko lanaldia daukat, goizeko 08:00etatik 12:00etara bitartean. Pandemia hasi aurretik astean behin geratzen nintzen bertako jantokian bazkaltzen, nire aitari egun “librea” emateko eta aldi berean, nik lankideekin harreman estuagoa egiteko.

Zein ekarpen egiten dizu zure lanak profesionalki? Eta pertsonalki?

Pertsonalki oso gogobetegarria da lanean egotea: beteta sentitzen naiz. Alde batetik, jendartean egoteko eta jendea ezagutzeko aukera ematen dit. Egunero-egunero esnatu beharrak eta zeregina izateak bizirik mantentzen nau. Profesionalki esango nuke lan-munduaren funtzionamendua zein den ezagutu dudala eta nire lanarekiko konpromisoa hartu dudala.

Etorkizunera begira, zer espero duzu?

Nire gurasoenean bizi izan naiz bizitza osoan, ez daukat ez bikotekiderik ezta seme-alabarik ere. Egun, aita eta biok bizi gara etxean, eta oso ondo moldatzen gara. Pertsona independientea izatea gustatuko litzaidake, lanean dabilena eta bakarrik bizitzeko gai dena. Arlo profesionalari begira, Danobaten jarraitzea da nire helburua, eta gogotsu jarraituko dut lanean horrela izan dadin. Etorkizunean enpresak feriak eta horrelako ekimenak antolatzen dituenean, nire ekarpenarekin kontatzea gustatuko litzaidake, zoragarria izango litzateke bertan parte hartzea.