Enpresei ingurumen arloko arauak betetzen laguntzeko ekimenak aurkeztuko dizkiete barixaku goizean udaletxean

Enpresei ingurumen arloko arauak betetzen laguntzeko ekimenak aurkeztuko dizkiete barixaku goizean udaletxean
2018/02/14 eta kitto!
Udaleko Ingurumen sailak ezagutzera eman duenez, Eibarren izaera industriala duten enpresei ingurumen arloko arauak betetzeko laguntza eskainiko diete. Asmo horrekin, eta beste ezertan hasi aurretik, enpresetan arlo horri eskaintzen dioten arreta nolakoa den ezagutzeko diagnostikoa egin du Udalak, Margube Aholkularitza eta Formazio enpresarekin batera. Jon Iraola zinegotziak azaldu duenez, iaz egin zuten azterlanean parte hartu duten 39 enpresen analisian oinarrituta, dauden premia nagusiak ikusi eta horiei erantzuteko lehen pausoak ematen hasi dira. Hasteko, diagnostikoa jasotzen duen txostena egin zuten eta, horrekin batera, enpresei ingurumen-eskakizunetara egokitzen laguntzeko jarduerak ere planteatu zituzten bertan eta azterlanean parte hartu zuten enpresei txostenaren kopia bana helarazi zieten. Horrekin batera, ingurumen-obligazioak bete ahal izateko hobekuntza-jarduerak jasotzen dituen Lege Gida bat sortu dute. Iraolaren berbetan, “Udaleko Ingurumen sailetik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten enpresa guztiei eta, bide batez, izaera industrialeko Eibarko enpresak gonbidatu nahi ditugu txosten hrretan jasota dauden emaitzen aurkezpenera. Ekitaldian 2018an egingo diren hobekuntza-jardueren berri ere emango dugu".
Aurkezpena barixaku honetan izango da, Udaleko Pleno Aretoan, goizeko 09:00etatik aurrera. Ekitaldira joandako enpresa guztiei Lege Gida bana emango diete, doan. Iraolak esan duenez, "Gida Eibarko enpresentzat eginda dago bereziki. Kontsultarako oinarrizko dokumentu bat da, azkarra eta erraza, enpresei lege-eskakizunak betetzen laguntzeko pentsatutakoa".
Aurkezpenean 2018. urterako aurreikusi dituzten hobekuntza-jarduerak modu zehatzean azalduko dituztela aurreratu dute. Batetik, Laguntza Teknikoko Zerbitzu bat sortuko dute, enpresek zalantzak eta ingurumen-arazoak kontsultatzeko aukera izan dezaten. Laster, Udalaren webgunean, Ingurumen sailaren atalean zerbitzu horri buruzko informazio guztia (harremanetarako zenbakia, posta elektronikoa, ordutegia...) eskuragarri egongo da. Eta, horrez gain, doaneko formazio plana prestatu dute, atzeman dituzten gabeziei erantzuteko asmoz. Planaren barruan, ingurumeneko lege-eskakizunei buruzko ikastaroa, IKS edo ingurumen-kudeaketa elektronikoari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa eta ingurumen-kudeaketa sistemei buruzko ikastaroa emango dituzte.
Enpresek aurkezpenerako gonbidapena jasoko dute. Toki-muga dagoela eta, aldez aurretik izena ematea eskatu dute, info@margube.com helbidera idatzita edo 943202818 / 688829153 telefonoetara deituta (09:00etatik 18:00etara).