Erkidego bakoitzak erabakiko ditu tabernei eta diskotekei ezarriko zaizkien neurriak

0    Berriak 
ETA KITTO
Erkidego bakoitzak erabakiko ditu tabernei eta diskotekei ezarriko zaizkien neurriak
ETA KITTO 2021, Eka 10

Erkidego bakoitzak erabakiko du zein neurri ezarri behar zaizkien ostalaritzari eta gaueko aisialdiari deseskalatze fasean. Espainiako Osasun Ministerioak atzera egin du eta proposamen berri bat helarazi die erkidegoei ostalaritzari eta gaueko aisialdiari ezarri beharreko neurrien harira. Oraingoan, baina, gomendioak direla zehaztu du eta, beraz, gobernu autonomikoen esku utzi du lurralde bakoitzean hartu beharreko neurriak erabakitzeko ahalmena.

Duela astebete, ostalaritzari eta gaueko aisialdiari ezarri beharreko neurriak adostu zituzten Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan. Alabaina, orduan ez zen aho bateko erabakirik izan eta hainbat erkidego Osasun Ministerioaren aurka agertu ziren, tartean Euskal Autonomia Erkidegoa, dokumentu hartan bildutako irizpideak derrigorrez bete behar zirela agindu zuelako.

Orain, Osasun Ministerioak atzera egin du eta dokumentu berrian ez dira aipatzen tabernei eta jatetxeei zuzendutako neurri murriztaileak zeintzuk diren, eta gaueko aisialdiari eta jende asko pilatzen den ekitaldiei buruzko irizpideak gomendioak dira, eta ez aginduak.

Aurreko aginduaren arabera, koronabirusaren intzidentzia-tasa baxua den lurraldeetan, tabernak eta jatetxeak 01:00ak arte irekitzea ahalbidetzen zen; eta gaueko aisialdiaren kasuan, itxiera ordutegia 02:00etan ezarri zuten.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »