Eskola-kirola berriro ere martxan, baina, zenbait mugarekin

Eskola-kirola berriro ere martxan, baina, zenbait mugarekin
2021/01/12 eta kitto!
Ez da txapelketarik egin ahal izango, eta sei jokalariko entrenamenduak baino ez daude baimenduta; betiere jokalariak beti berberak badira. Gainera, ezin izango dituzte aldagelak erabili.

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio astelehen honetan eskolako entrenamenduen hasierari. Nolanahi ere, murrizketa eta neurri gogorrak ezarri ditu arlo horretan. Ez da txapelketarik egingo, entrenamenduak baino ez dira izango. Horietan gehienez sei jokalarik parte hartu ahal izango dute, beti berberak, eta gainera, ezin izango dituzte aldagelak erabili.

Nahiz eta ez den larunbatean Bilbon egindako protesta deitu zutenek eskatzen zutena, Bultza Kirola Euskadiko Bea Alfranca bozeramaileak azaldu duenez “"oso urrats garrantzitsua".

LABIk ezarritako neurriak jarraituz, udalerri batek 500 kasu gainditzen baditu 100.000 biztanleko, eskola-kirola gelditu egingo da.

Esaera zaharrak dioen bezala, ororen gogara egitea, gauza nekea. Denak ez daude ados; batzuentzat, jokatu gabe entrenatzeak ez du zentzurik, batez ere, diziplina lehiakorrenetan. Egoerak horrela jarraitu bitartean, entrenatzearekin konformatu beharko dute.