[ELKARRIZKETA] “Eskualdea osatzen duten zortzi udalerriak turistikoki erakargarriak dira”

0    Berriak 
ETA KITTO
[ELKARRIZKETA] “Eskualdea osatzen duten zortzi udalerriak turistikoki erakargarriak dira”
ETA KITTO 2021, Uzt 13

Aitziber Cortazar Debabarreneko Garapen Agentziako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduraduna da. Debegesak eskualde mailako paisaia, kultura eta tradizio dibertsitate aberatsaren zabalkundea egiten du herritarren artean, tokiko turismoa bultzatze aldera. Debabarreneko eskualdea Debak, Mutrikuk, Eibarrek, Mendarok, Elgoibarrek, Soraluzek, Ermuak eta Mallabiak osatzen dute.

Zein da Debegesaren egitekoa turismoaren esparruan?

Debegesa Eusko Jaurlaritzako Turismo Lankidetzarako erakundea da eta Gipuzkoako Turismo Mahaian ordezkaritza daukagu. Helmuga turistikoari erreparatuta, gure egitekoa Debabarreneko zortzi udalerrien produktu turistikoen garapenean zein promozioan laguntzea da. Horrez gain, enpresa esparruari dagokionez, gure helburua elkarlan publiko-pribatua sustatzea da, eta, horretarako zenbait ekimen jartzen ditugu martxan, esaterako, BasqueTourren eskutik datozen lehiakortasun programak.

Zerk egiten du Debegesa ezberdin beste garapen edota turismo agentziekin alderatuta?

Guk daukagun berezitasuna gure lurraldearena berarena da. Izan ere, eskualdea osatzen duten zortzi herriak turistikoki oso erakargarriak dira. Debabarrena oso berezia da, eta, gainera, Euskal Herriko produktu turistiko garrantzitsuenetariko bat daukagu, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea, hain zuzen. Produktu hori Debegesatik irtendakoa da, udalekin elkarlanean sortutakoa.

Nola eragin dio COVID-19aren osteko geldialdi edo krisialdi egoera honek eskualdeko turismoari?

Turismoari lotutako negozioek nahiko larri bizi izan dute pandemia-garaia. Bi negozio-eredu bereiz daitezke eskualde mailan. Batetik, kostaldeko familia-apustuak direnak, alegia, txikiak eta landa eremukoak. Eta, bestetik, barnealdeko herrietako negozioturistiko handiak. Pandemia amaitzear dagoela berriro ere turismoa abian jarri denean, esango nuke enpresa txikiek ohiko jarduerari eutsi ahal izan diotela; handiek, aldiz, egoera latzagoa bizi izan dute.

Debabarrena Turismo Elkarteak zein eskaintza dauzka abian datozen hilabeteetara begira?

Zenbait proposamen eskaintzen ditugu. Kostaldean Geoparkeak ematen dituen aukera anitzak nabarmenduko nituzke, eta, barnealdean, Dolmenen ibilbidea. Horrez gain, herri bakoitzean erronka turistiko bat daukagu; Eibarren, adibidez, udara begira eskaintza finkoa sortzeko asmoa daukagu. Izan ere, jende berri asko iristen ari da herrira, eta zenbakiek esaten dute hotelak beteta daudela uztailerako eta abuzturako. Beraz, gure helburua turista horiei guztiei eskaintza turistiko erakargarria egitea da.

Eskaintza guztia dago publiko orokorrari bideratuta edo adinaren araberako sailkapena egiten duzue?

Debabarrenean dena dago eskura, bai kostaldea eta baita barnealdea ere. Kulturaz betetako eskualdea da eta, besteak beste, honako guneak aipatuko nituzke: hondartzak, igerileku naturalak, ibilbideak… Gainera, hiriburuak ere,Bilbo, Donostia eta Gasteiz, oso eskuragarri daude.

Zein da zuen xede-publikoaren target-a?

Guk ez dugu adinaren araberako sailkapena egiten, baizik eta interesei begirakoa. Alegia, nork bere interesaren arabera aukeratzen du gure eskaintza. Hala ere, egia da batzuetan adinak ere baldintzatzen gaituela, familia-plan turistikoen kasuan, adibidez. Zenbaitetan produktu bera modu ezberdinean eskaintzen dugu, ez delako modu berean kontatzen umeei bideratuta badago edo helduengana iritsi nahi bada.

Non topa dezakete herritarrek eskualdeko turismoarekin lotutako informazioa?

Bi webgune nagusi ditugu: debabarrenaturismo.eus eta geoparkea.eus. Gainera, momentu honetan inguruko herritarren artean oso ezaguna ez den eskaintza bat daukagu abian eta interesgarria izango litzateke proposamen horiek ezagutzea: Mutrikuko olatu planta, Arrietakua Jauregia, Santa Maria Eliza, Lasturreko zaldi irteera, Santa Katalina… Jendeak uste baino eskaintza anitzagoa daukagu, eta orain da horiek guztiak ezagutzeko momentua. Informazio gehiago eskuratzeko bi turismo-bulego fisiko daude eskualdean, bata Deban eta bestea Mutrikun.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »