Eskualdeko gaztei eskainitako azoka eta erakustaldiak egingo dira domeka goizean Untzagan

Eskualdeko gaztei eskainitako azoka eta erakustaldiak egingo dira domeka goizean Untzagan
2017/10/21 eta kitto!
Eguenean eskualdeko gaztak protagonista izan zituen pintxo-potearekin abiatu zen II. Debabarreneko Gazta Astea azken txanpan sartu da, baina egitaraua agurtu baino lehen Eibar eta inguruko baserrietan ekoizten diren gazta ezberdinak probatzeko aukera izango da: bihar goizean, 10:00etatik 14:00etara, Untzagan gazta azoka eta hainbat erakustaldi egingo dira. Soraluzeko Egotza baserriko Nagore Martinek gazta egiteko prozesua azalduko du. Horrez gain, latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesua bertatik bertara ezagutzeko tartea izango da, horretarako prestatu duten erakustaldian: Ipar ardi moztaileak artilea moztuko du, Lasturko Goikola baserriko Garazi Pascualek irutea eta ehuntzea erakutsiko ditu eta Miren Torrealday eibartarrak artilea tindatuko du. Eta umeak ere gaztaren mundura inguratzeko hainbat tailer eskainiko dira 11:30etik aurrera.
Gaztagileen baserrietara bisitak
Bestalde, Gazta Astearen egitarauaren barruan urriko asteburuetan eskualdeko gazta ekoizleen baserrietara bisitak antolatu dira eta oraindik badago horietako bitan parte hartzeko aukera. Sosola baserrira bisita hilaren 28an, 16:30ean egingo da eta Mutrikuko Goienetxera bisita, berriz, 29an, 11:00etan. Aurrez izena emateko Debemenen bulegora (943 744 067) deitu behar da.