Etxeetara ura aztertzera doazela dioten saltzaileekin argi ibiltzeko abisatu dute Kontsumo Bulegotik

Etxeetara ura aztertzera doazela dioten saltzaileekin argi ibiltzeko abisatu dute Kontsumo Bulegotik
2018/07/11 eta kitto!
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak ohartarazi duenez, adi ibili behar da egunotan Eibarko etxeetara joaten ari diren saltzaile batzuekin: “Gasteizko ur araztegi enpresa batekoak direla eta etxean, txorrotetik irtetzen den ura aztertzen ari direla esaten diote jendeari. Edateko baso bat ur eskatu eta, ez dakigu zein produktu bota eta gero, ur hori edaterik ez dago. Kontuz, baina, dena gezurra delako eta nahi duten gauza bakarra 3.000 euro balio duen araztegia erostea baino ez delako”. Kontsumo bulegotik argitu dutenez, “Eibarren kontsumitzen den urak osasun-berme guztiak betetzen ditu eta egunero kontrolatzen dute horren ardura dutenek”. Edozein modutan ere, norbaitek saltzaileek diotena sinistu eta ur-araztegia erosiz gero, hori itzultzeko 14 eguneko epea dagoela gogorarazi nahi diote jendeari.