Aitxitxa-amama eta biloben arteko elkarrizketak argitaratuko ditugu Txikitto aldizkarian

Aitxitxa-amama eta biloben arteko elkarrizketak argitaratuko ditugu Txikitto aldizkarian
2019/10/28 eta kitto!
Eibarko ikastetxeetako haurrek aste honetan jasoko dute Txikitto! hilabetekaria. Oraingoan, portadan Manex eta bere amama Mari Karmen agertzen dira. Zenbat kontu dituzte kontatzeko gure aitxitxa-amamek! Hain justu horretarako sortu dugu atal berri hau, gure nagusiekin berbetan jarduteko, eta eurei buruz gauza gehiago jakiteko. Horretarako, hilero, aitxitxa edo amama bat eta haren biloba aurrez aurre jarriko ditugu. Gaztetxoek elkarrizketa egingo diete nagusiei.

Ikasleekin berriketan atalean Aldatzeko 5. mailako ikasleak dira protagonista. Teknologia berrietara egin dute jauzia aurten. Izan ere, testu-liburuak (ingelesa, euskera, natura, matematika, gizarte-zientziak, lengoaia, tutoretza, erlijioa, gimnasia, plastika, bertsolaritza...) ordenagailu batean erabiliko dituzte ikasturte honetan.

San Andres ikastetxekoek "Azeriak, oiloak eta sugeak" jolasa erakutsi digute. Hau da eurekin egin dugun bideo aparta:

https://www.youtube.com/watch?time_continue=11&v=xufxHWPavkY

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak; kasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina; eskulanak eta sukaldaritza errezetak; liburuak… aurkituko duzue. Ziur gaude primeran pasatuko duzuela!

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak