Barreterapia-saioan izena emateko epea zabalik dago

Barreterapia-saioan izena emateko epea zabalik dago
2023/02/13 eta kitto!
Datorren martxoaren 2an, eguena, Manex Beristain barreterapeutak barreterapia-saioa eskainiko du ...eta kitto! Euskara Elkartean, 18:30etik 20:30era. Gaur zabaldu da izen-ematea eta otsailaren 21era arte egongo da horretarako aukera.  Horretarako telefonoz deitu daiteke (943200918) edo mezua bidali (elkartea@etakitto.eus). Izen-emateak 5€ balio du eta doakoa da ...eta kitto!-ko bazkideentzat eta berbalagunentzat.

Manex Beristain azpeitiarra barreterapeuta da. Irakaslea zen lehen, baina bikotekidearen heriotzaren ondorioz, barreterapia munduan sartu zen. Eibarren emango duen saioaren inguruan esan duenez, "tailerrak, oinarrian, alaitasuna, samurtasuna eta sormena izango du, eta alde horiek barreterapiaren metodoaren bidez landuko ditugu. Barreterapia, hitzak esaten duen bezala, terapia mota bat da. Egitura bat dauka, hau da, atal desberdinak ditu eta  saioak oso ondo pentsatuta daude, helburu konkretuak dituzte. Etorriko direnei egokituta egongo da".

Tailerrean zer egingo den galderari honela erantzuten dio Manexek: "Erabiliko ditugun tresnak jolasa (banaka, binaka, taldean), sentsazio desberdinak iradokitzen dizkiguten erritmo desberdineko musika eta barrea izango dira", baina ez da gerrigorrezkoa izango barre egitea: "Hori esaten dugunean jendea asko lasaitzen da. Nahiz eta mundu guztia barrez lehertzen egon, momentu konkretu batean barre egiteko gogorik ez daukadala onartzea, hori kriston lanketa da.  Orduan norberak juizioak edo epaiketak alde batera lagatzen ditu eta besteen barreekin disfrutatzen hasten da. Eta hor seguraski konektatuko du bere barrearekin".

Martxoaren 25ean familiei zuzendutako barreterapia-saioa eskainiko du Manexek.

Manex Beristian barreterapiabarreterapia saioa