Bihar hasiko den 21. Korrika hilaren 13an iritsiko da Eibarrera

Bihar hasiko den 21. Korrika hilaren 13an iritsiko da Eibarrera
2019/04/03 eta kitto!
Korrikaren 21. edizioak bihar emango ditu lehen pausoak Gares eta Gasteiz lotuko dituen ibilbidean. Hilaren 14an iritsiko da Arabako hiriburura, baina egun bat lehenago gure herria zeharkatuko du. Korrika 14:45ean iritsiko da Maltzagara Soraluzetik eta Azitain, Barrena, Urkizu, Bittor Sarasketa, Errebal, San Juan, Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Urkizu, Arragueta, Errebal, Toribio Etxebarria, Untzaga, San Andres Pasealekua eta Amaña zeharkatuko ditu Ermura joateko. Guztira 42 lekuko egongo dira Eibarren, edizio batetik bestera gora doan partaidetza, eta hainbat ekintza egingo dira Korrika girotzeko.

 

Itzulia eta pentsiodunen manifestazioa

Apirilaren 13an, zapatua, hainbat ekitaldi egongo dira herrian Korrikaz gain. Batetik, pentsiodunek manifestazioak egin dituzte EAE probintzietako hiriburuetan, baina baita Eibarren ere; eta bestetik, Euskal Herriko Itzuliko azken etapa gurean jokatuko da. 14:32ean hasiko da lasterketa eta pelotoiak Elgoibarrera joko du. Beraz, Korrika Maltzagatik igaro baino minutu gutxi lehenago pasatuko da bertatik.

 

Korrika Txikia

Herriko ikastetxeetako ikasleek hilaren 5ean, barixakua, egingo dute Korrika Txikia. Euskeraren lekukoa eramango dute herriko kaleetan zehar eta Arno DJ-ak musika jarriko du arratsaldea girotzeko.