Ermiten inguruko dokumentalaren aurkezpena eta euskararen aldeko agiriaren irakurketa

Ermiten inguruko dokumentalaren aurkezpena eta euskararen aldeko agiriaren irakurketa
2021/11/29 17:21
eta kitto!
Euskararen Egunaren bezperan, abenduaren 2an "Eibarko ermitak historiaren lekuko" dokumentalaren aurkezpena eta euskararen aldeko agiriaren irakurketa egingo dituzte, 18:00etan udaletxean. Ego Ibarra batzordetik azaldu dutenez, “Euskararen Egunaren bezperan, Eibarko euskaran jasotako ahozko testigantzei esker, gure herriko ermiten historia, ohiturak, errituak eta usadio zaharrak ezagutzeko aukera izango dugu; eta,  aldi berean, gure umeak eta gazteak kirolean aritzeko orduan euskara erabil dezaten, euskara-plana egin duten Eibarko kirol taldeen lana aitortzeko parada ederra”.

Izan ere, euskararen erabilera indartzearren, Eibarko hamar kirol klubek egin dute euskara-plana 2021/2022 denboraldirako, eta ardatza euren eguneroko jardunean jarri dute: entrenamenduetan, partidetan, kirolariekin eta euren familiekin duten komunikazioetan eta baita euren barne-funtzionamenduan. Eibar Eskubaloia, Eibar Rugby taldea, Eibartarrak FT, Eibar Igerixan kirol kluba, Club Gimnasia Ritmica Ipurua, Kalamua Judo Kluba, Klub Deportiboa, JAZ Eibar triatloi taldea eta Urbat urpolo taldea dira euskara-plana egin duten klubak.

Eguenean aurkeztuko duten dokumentala osatzeko, bestalde, zutik dauden ermita hauen inguruko testigantzak eta irudiak batu dituzte: Salbadore, Akondiako San Pedro, Santakurutz, San Martin, Maala edo Magdalena, Sandroman eta Azitain “eta, nola ez, Agiñagako San Migel elizatea eta Oregizarreko San Migel eta San Ildefontso santutxuak ahazteke. Eta betiko galduta egon arren, Maltzagak betidanik izan duen garrantziagatik, San Rafael elizari buruzko jakingaiak ere jaso dira. Ermitok ondo ezagutu eta, kasu askotan, eurenak izan eta zaindu izan dituztenek kontatu dizkigute aspaldiko ohiturak eta errituak. Badiharduguk Eibartarren Ahotanerako egindako elkarrizketatuei zor diegu ezagutza zahar hori eta berbeta herrikoa eta larrekoa, Eibarko euskararen doinuz eta kolorez jantzia”.